EFE berri agentziak jakinarazi duenez, eguenetik aurrera maskara ez da aire zabalean derrigorrez erabili beharko. Espainiako gobernuak eta Autonomia Erkidegoek halantxik adostu dute goiz honetan (Euskal Autonomia Erkidegoa abstenitu egin da). Oraingoz ez dute neurri berriari dagokion behin-betiko testua zehaztu, baina asmo hori agertu dute osasun agintariek.
Dena dela, maskararen erabilerak derrigorrezkoa izaten jarraituko du metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den egoeretan eta ekitaldi jendetsuetan. Jende pilaketak dauden lekuetan, berriz, "gomendagarria" izango da haren erabilera. Ministroen Kontseiluak bihar onartuko du neurria. Dekretua eguaztenean argitaratuko dute, eta, horrenbestez, araua eguenean sartuko da indarrean.
Bestalde, kirol norgehiagoken edukiera handitzea erabaki dute. %75ekoa izango da eremu zarratuetan jokatzen diren lehietan, eta %85ekoa aire zabaleko norgehiagoketan.