Ekarpenerako hiru kopuru
Río de Orok hiru dohaintza kopuru ipini ditu: 4, 8 edo 12 eurokoak. Banku-transferentzia bat eginda parte hartu gura duenak Laboral Kutxako kontu korronte honetan sartu beharko du dirua: ES90-3035-0129-11-1290034483. Bestalde, Bizum sistemagaz lagundu gura duenak zabalik du horretarako aukera. Erabiltzaileak Bizum aplikazioan sartu beharko du, eta Río de Oro Durangaldea kontua bilatu. Behin identifikatuta, 01955 kodea sartuta egin dezake diru ekarpena.
COVID-19aren eraginez Tindufeko kanpalekuetan egoerak okerrera egin duela gogoratu dute elkarteko kideek. "Saharar herriaren auzian, konponbidea politikoa da. Pertsona hauek Mendebaldeko Saharara bueltatzea da irtenbidea, euren herrira", dio Mikel del Arcok. Baina Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan beharrizan asko dituzte. Elikadura, hezkuntza, osasuna... Baldintza atmosferikoak ere oso gogorrak dira. "Laguntzak gutxitu egin dira bizi dugun egoeraren eraginez. Gainera, Marokogaz gerran jarraitzen dute, hedabideetan horretaz berba egiten ez den arren", gogoratu du del Arcok. Faktore bi horiek egoera asko zailtzen dutela dio durangarrak.
Iurretan, karabana solidarioaren barruan, udalak eta Río de Orok Kilo bat elikagai errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat ekimena martxan ipini dute elkarlanean. Ekimen honen helburua kilo bat arroz, pasta, azukre, lekale, pakete bat konpresa, litro bat olio, hiru lata atun edo lata bat sardinaren ordez, liburu bat trukatzea da. Otsailaren 13ra arte parte hartu daiteke.
Ume sahararrak
Saharar umeak uda pasatzera ekartzeko programaren inguruan, "ziurgabetasun handia" dagoela dio del Arcok. "Egunak aurrera doazen neurrian, geroago eta gatxagoa izango da programa hori martxan ipini ahal izatea. Gai honegaz nahiko haserre gaude. Espainiar estatura eta beste edozein lekutara turistaz beteriko hegazkinak heltzen dira. Uste dugu borondate politikoa behar dela. Programa hori modu seguru batean antolatu ahal izango litzateke. "Amorru handia ematen digu, posible delako beste urte batez ere haurrak ez etortzea".