Erretzeari uzteko eta umeen jarrera oldarkorra lantzeko ikastaroak Mankomunitatearen eskutik

Anboto 2022ko ots. 2a, 12:25

Lehenengo ikastaroari martxoaren 3an ekingo diote. Mankomunitatearen egoitzan eskainiko dute, Elkartegian. Besteak saio bi izango ditu. Zaldibarren bat eta Otxandion bestea, otsailaren 10ean eta 15ean, hurrenez hurren.

Mankomunitateak hainbat ikastaro antolatu ditu datozen aste eta hilabeteetarako. Batetik, umeen beldur eta portaera oldarkorrak kudeatzeko ikastaroak eskainiko ditu. Zaldibarko eskoletan saio bat eskainiko dute, otsailaren 10ean, 18:00etik 19:30era. Eta otxandiarrek ere izango dute ikastarora joateko aukera, saio hori bera Kultur gelan eskainiko baitute otsailaren 15ean, 18:00etik 19:30era. Berbaldiak Amaia Sarrionandiak eskainiko ditu, Portaera agresiboa haurren artean. Zelan jokatu? izenburupean. Saioaren helburua umeen artean portaera edo erreakzio agresiboak zergatik sortzen diren hausnartzea da, eta jokabide horiek errepika ez daitezen estrategiak proposatuko ditu. Interesatuek 946200520 telefonora deitu dezakete izena emateko.

Erretzeari uzteko ikastaroak

Bestalde, erretzeari uzteko ikastaroei martxoaren 3an ekingo diete. 10-12 pertsonako talde bi egingo dituzte, eta astean behin batuko dira bederatzi astetan. Saioak 60-90 minutukoak izango dira eta adikzio-espezialista batek eskainiko ditu. Interesatuek 946200520 telefonoan eman dezakete izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!