2023ko Frantziako Tourreko lehenengo hiru etapak Euskal Herrian izango dira osorik eta hiruretako ibilbideak gaur aurkeztu dituzte Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian.
Hirugarren etapa, uztailaren 3an, Zornotzan hasi eta Ipar Euskal Herrian amaituko da. Hasierako kilometroak eskualdean egingo ditu. N-634 errepidetik Iurreta, Abadiño eta Berriz igaro ostean, Trabakua igoko dute txirrindulariek, kostaldera bidean.
Lehenengo etapa, uztailaren lehenean, Bilbon hasi eta amaituko da eta, besteak beste, Gernikatik igaroko da. Gasteiz eta Donostia lotuko dituen bigarren etapan Udana, Aztiria, Alkiza, Gurutze eta Jaizkibel gainak igaroko dituzte.
Gaurko ekitaldian agintariek ez ezik, txirrindulari ohiek ere parte hartu dute eta tartean eskualdeko bat egon da: Agurtzane Elorriaga, Bizkaia-Durango taldeko zuzendaria. Izan ere, 2001an Bilbotik abiatu zen emakumeen Tourra eta erlojupeko lasterketa hartan Agurtzane Elorriaga izan zen lehenengo abiatu zen txirrindularia. Orduko argazkia etxean ondo gordeta duela gogoratu du Elorriagak. Txomin Perurenak eta Joseba Belokik ere hartu dute hitza aurkezpen ekitaldian.
Joseba Beloki, Agurtzane Elorriaga, Txomin Perurena eta ekitaldiko aurkezlea izan den Xabier Usabiaga.
Agirrebeitia alkatea, pozik:
Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatearentzat Frantziako Tourra herritik igarotzea “albiste bikaina” da, “aurrekaritik gabeko gertaera”. Horrez gainera, horrelakoek herritarren “ilusioa piztu” dezaketela nabarmendu du. “Urteak daramatzagu bizikletaren erabilera sustatzen, eta horrelako geraterak erreferente izan daitezke gazteen eta ez hain gazteen artean”.