“Pentsioak KPI orokorraren arabera igotzea aldarrikatuko dugu zapatuko manifestazioan”

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 14a, 19:00

Ruben Castillo, Loli Obieta eta Matias Oregi Durangoko pentsiodunen plataformako kideak dira. Eskualdeko gainerako kideekin batera aldarrikapenekin jarraituko dute aurrerantzean ere.

Lau urteotan, zeintzuk izan dira pentsiodunen mugimenduaren lorpenak?
Loli Obieta: Hasteko, pentsioak urtean %0,25 igotzeko neurria ezabatzea lortu genuen. Hori izan zen guztiaren hasiera.
Matias Oregi: Bai, pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera igo zitezen lortu genuen. Baina orain ikusi duguna da igoera hori ohiko KPIagaz egin barik, asmatu berri duten indize bategaz aplikatuko digutela. Hau da, ez dugu behar besteko igoera izango eta horren alde borrokatzea dagokigu. Horixe izango da zapatuko manifestazioko aldarrikapen nagusia. Horrez gainera, gizon-emakumeen arteko pentsio arrakalari amaiera ematea, pobrezia amaitzea edo gutxieneko 1.080 euroko pentsioak eskatuko ditugu. Beste lorpen bat gobernuak gutxieneko soldatari eta diru sarrerei buruz eztabaidatzea izan da. Hortxe dago eztabaida.
L.O.: Aurrera begira ere lorpen horiek ditugu buruan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, gutxieneko soldata 1.200 euroan kokatzea, pentsioen erreformak dituen neurri atzerakoiak ezabatzea eta lan erreforma osorik indargabetzea, adibidez.
Ruben Castillo: Horrez gainera, adindunoi eragiten diguten beste hainbat arazo batu ditugu gure aldarrikapenetara. Bankuen Internet bidezko zerbitzuak, argindarraren prezioaren igoera eta halakoak. Horiek ez daude bere horretan pentsioei lotuta. Gazteei ez die eragingo, baina guri modu zuzenean eragiten digute.

Gazteria aipatu duzue. Zelako inplikazioa du gazteriak pentsioen aldarrikapenetan?
L.O.: Laguntza eskatzen dugun aldiro hortxe daude. Etortzen dira.
M.O.: Nik plano bi ikusten ditut. Batetik, manifestazioetara etortzen dira, parte hartzen dute. Baina, bestetik, iruditzen zaidana da gazteriak urruti ikusten dituela pentsioak.
R.C.: Eta egoera aldatzen ez bada, arazo hau haiena ere izango da etorkizunean. Diru faltan daudenean, orduan irtengo dute kalera protestan.

Zelakoa da Durangaldeko plataformen egoera?
M.O.: Gabonak arte, Bizkaian, 2.400-2.500 pentsiodun mobilizatu izan gara astelehenero-astelehenero. Durangaldean 250 bat aritzen gara. Badugu erresistentzia bat antolatuta. Jendeak erantzuten du.

Zapatuan Bilbon mobilizaztuko zarete.
M.O.: Durangaldeko kideak Carlton hotelaren aurrean batuko gara, 11:45ean. Gero, manifestazioagaz bat egingo dugu, 12:00etan. Kale Nagusiaren 50. ataritik hasiko gara gu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!