Dominez betetako asteburua izan da Durangaldeko atletentzat

Anboto 2022ko urt. 10a, 10:11
Begoña Martinez eskuman, Euskadiko Pentatloi txapelketan.

Atletismoan hainbat txapelketa jokatu dira asteburuan eta eskualdeko ordezkariek emaitza bikainak lortu dituzte. Esaterako, Begoña Martinez durangarrak (DKT taldea) brontzezko domina eskuratu du Euskadiko Pentatloi Txapelketan. Hesien proban, altura eta luzera jauzietan, pisu jaurtiketan eta 800 metroko proban eskuratutako puntuei esker irabazi du domina. Umetatik DKTn dabilen Xabat Oar Arteta aulestiarra, berriz, txapeldun geratu da  Euskadiko Heptatloi Txapelketan.

Zapatuan master mailako Euskadiko txapelketa hartu zuen Donostiako belodromoak eta han ere goi mailan aritu ziren eskualdeko ordezkariak. DKT taldeko Sonia Ocejak urrezko lau domina irabazi zituen altura eta luzera jauzietan, salto hirukoitzean eta pisu jaurtiketan. Zornotza kirol klubeko Javier Casalek urrezko domina  bi eskuratu zituen altura jauzian eta salto hirukoitzean. Abadiñoko Sekulebedarra taldeko Juan Jose Mendizabal ere onena izan zen hiru kiloko pisu jaurtiketan. Miguel Angel Munitxa (Sekulebedarra) eta Nuria Etxegarai (DKT), berriz, zilarrezko domina banarekin itzuli ziren etxera, bost kiloko pisu jaurtiketan eta 3.000 metrotan eskuratutako markei esker.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!