“Bateraezinak baino, kontrakoak osagarriak direla esatera dator 'Antagonia'”

Aritz Maldonado 2021ko abe. 25a, 09:55

Beste behin, Arteka liburu-dendak Durangaldeko artisten erakusleiho izan gura du. Kasu honetan, Itziar Bastarrika Madinabeitiaren eta June Baonza Pagaldairen lanak ikusi daitezke 'Antagonia' erakusketan.

Zer da 'Antagonia'?
Kontrako gisa identifikatzen ditugun kontzeptuak elkarreraginean ipiniz sortzen diren leku, gorputz eta mapak dira. Bateraezinak baino, kontrakoak osagarriak direla esatera datorren proposamen bisuala da Antagonia.

Beren-beregi Artekarako prestatu duzue erakusketa.
Bai. Maialenek proposamena egin zigun eta aukera aprobetxatu gura izan dugu beste behin ere elkarregaz lan egin eta sortzeko. Aurrez sorturiko argazki edo ilustrazio sorta bat ipintzea zen aukerarik errazena, baina gurago izan dugu guretzat erronka bat izango zen lan bat abiatu eta apur bat esperimentatu.

Zelakoa izan da sortze prozesua?
Proposamen honen lanketaren muina kontzeptualizazioa izan da. Hau izan da gehien kostatu zaiguna. Behin kontzeptua definituta, irudiak egitera pasatzea azkarrago eta errazago joan da, jolasteko unea izan da eta ondo pasatu dugu.

Erakusketa iradokitzailea edo probokatzailea dela iruditu zait. Horixe zen helburua?
Gure helburua momentu batean ere ez da izan probokatzea. Guk ez dugu gure irudietan probokazioa dagoenik ikusten. Lanaren aurrean kokatzen denak ez ditu erantzunak jasoko, galderak sortuko zaizkio seguruenik. Beraz, iradokitzailea badela esango genuke. Baina irudien atzean dagoen mezua ikusle bakoitzak sortzen duena da.

Argazkiez gainera, serigrafiak ere ikusi eta erosi daitezke erakusketan.
Sormen proiektu desberdinak partekatzen ditugu eta horietariko bat Birak_Orbita da. Proiektu honetarako sortu ditugun diseinuak serigrafiatuta dituzten kamiseta, poltsa eta zorroak eskuragarri daude. Baina hori ez da dena, laminak eta grabatuak ere ikusi eta erosi daitezke.

Baduzue beste proiekturik esku artean?
Burua ideiaz beteta dugu, baina orain denbora da falta zaiguna! Dena dela, ideiak badaudenez, proiektu berrietan murgiltzea epe ertaineko kontua izango da...geldi, inoiz ere ez!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!