Durangaldeko gazteen artean tabako, alkohol eta kalamuaren erabilerak behera egin du

Maialen Zuazubiskar 2021ko abe. 21a, 10:00

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko, Bigarren Hezkuntzako, Batxillergoko eta Heziketa Zikloko 9 eta 20 urte bitarteko 2136 ikaslegaz egin du ikerketa Mankomunitateak. Aurretik 2012an eta 2016an egin zuten azterlan hori.

Lau urterik behin Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak, adikzioei buruzko 'Drogen eta teknologien erabilerari buruzko ezagutza, jarrera eta ohiturak' izeneko ikerketa burutu du eskualdeko hainbat ikaslerekin. Asteon aurkeztu dituzte azterlanaren emaitzak eta emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak ikerketa "balioan jarri" gura izan du. "Ikerketa hau oso garrantzitsua da, ezin gara erlaxatu. Arlo honetan distantzia luzeko lasterketa bat dugu", azaldu du Elkoroiribek.

Arrate Arana adikzioen prebentzio zerbitzuko teknikariak eta Vicente Fernández adikzioen prebentzio zerbitzuko arduradunak nabarmendu dutenez, gazteek gehien kontsumitzen dituzten drogen (tabakoa, alkohola eta kalamua) erabilerak behera egin du. 2012tik 2020ra tabakoa probatu duten pertsonen ehunekoak %14,1 egin du behera, alkoholaren kasuan %14,8 eta kalamuaren kasuan %11.

Bestalde, inkestatutako pertsonen %27ak 2020an kalamua probatu dutela diotela dio ikerketak eta %7,4ak kontsumitzen jarraitzen duela.

Horrez gain, online jokoen eta sare sozialen erabilerak gora egin duela dio ikerketak. Sare sozialen erabilerari dagokionez, erabilera jendea ezagutzera bideratzen da batez ere, eta gehienak zuhurtziaz jokatzen dutela nabarmendu dute ikerketaren bultzatzaileek. Apustuei dagokienez, 2020an Internet bidezko apustuen ehunekoak behera egin dutela azaldu dute.

"Ikerketak informazio asko eman digu eta honek urtean zehar jarraitu beharreko bideorria markatu digu", esan du Aranak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!