Gaurtik aurrera COVID ziurtagiria derrigorrezkoa izango da eremu itxi gehiagotan

Anboto 2021ko abe. 14a, 19:05

Gaueko aisialdira eta jatetxeetara mugatu barik, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza osora, ospitaleetara, kiroldegietara eta egoitzetara ere zabalduko du COVID ziurtagiria. Neurria gauerdi honetan sartuko da indarrean.

Euskadiko Auzitegi Nagusiak argi berdea eman dio COVID ziurtagiria eremu itxi gehiagotara zabaltzeko aukerari, eta Osasun Sailak bihar bertan sartuko du neurria indarrean. Gauerdi honetatik aurrera COVID ziurtagiria beharrezkoa izango da ostalaritzaren esparru guztietara, ospitaleetara, gimnasioetara, kiroldegietara, egoitzetara, musika jaialdietara edo kultur ekitaldietara sartzeko. Era berean, neurriak segida izango du, orain arte bezala, ostalaritza arloan. Momentuz, neurri berritik kanpo geratuko dira futbol estadioak eta pilotalekuak.

Gotzone Sagardui osasun sailburuaren berbetan neurria "ona" da, "topaketak egin ohi diren eta kutsatzeak areagotzen diren tokietan segurtasuna indartzeko". Bestalde, Sagarduik ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeei eskatu die egoera aztertzeko, eta ekintza zehatz bat egiteak ekar dezakeen arriskua baloratzeko.

Omicronen 6 kasu

Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan omicron aldaeraren 6 kasu atzeman direla momentuz. Bizkaian identifikatu dituzte gehienak. Sagarduik adierazi duenez, "mundu osoan gertatzen ari den bezala, ez litzateke harritzekoa izango omicron aurretik beste aldaera batzuek egin duten bezala zabaltzea", Horren aurrean, txertaketak "are eta garrantzia handiagoa" hartzen duela iritzi dio eta herritarrak deitu ditu txertoa hartzera. Osasun Sailak dioenez, txertoa ez hartzeak sei bider handitzen du ospitalean amaitzeko aukera, eta 10 bider, ZIU batean amaitzeko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!