Trabakuko lur-jausia goizaldeko 05:00 inguruan gertatu da. Trabaku gainetik Markinara doan jaitsieran gertatu da; zehazki, mendate gainetik 1.5 kilometrora, Markinarantza, suhiltzaileen iturrien arabera. Ondoren, 10:00 inguruan, lur-jausi hori bera handitu egin dela informatu dute suhiltzaileek. Errepidean arrakala bat sortu dela ere konfirmatu dute.
Une honetan tokian lanean dabiltza Markinako eta Iurretako suhiltzaileak. Ertzaintza ere bertaratu da. Gunea egonkortu dute eta errepidera eroritako zuhaitzak mozten ari dira. Orain makinera astuna bertaratzeko zain daude errepidera eroritako lur guztia kendu ahal izateko, suhiltzaileen iturriek zehaztu dutenez.
N-633 errepidea errepidea itxita dago Trabakuan. Une honetan Durangotik Markina ingurura joateko alternatibarik onena Muxikatik da, Bi-635 errepidetik, Trafiko Zuzendaritzako iturrien arabera.
Herriguneetan ere arazoak
Herriguneetan ere arazoak daude euritearen ondorioz. Arrazolan suhiltzaileek zuhaitz enbor bat kendu behar izan zuten errepidetik. Iurretan ere arazoak egon dira uholdeekin, esaterako errepide azpitik doan tunelean. Abadiñoko Zelaieta auzoko trasteleku batzuetan ere ura sartu da.
Erakundeetatik "kontuz ibiltzeko deia" egin dute. Eguardira arte "alerta laranja egoera" aktibatua egongo da.
Trabakuko lur-jausiko irudi gehiago (@BomberosIurreta)
Iurretako tunela gaur goizaldean.