Bihartik aurrera, Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan ziurtagiria beharko dute herritarrek gaueko aisialdian eta 50 bezerotik gorako ostatuetan. Horrez gainera, lehendakariak ziurtagiria bestelako gune batzuetan ezartzea aztertzen ari direla aurreratu du, ostean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari baimena eskatzeko. "Ikusleak zutik dauden musika ikuskizun eta dantzalekuetarako, gimnasioetarako, edota ospitale eta zentro soziosanitarioetarako, adibidez. Gure helburua, erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea da, herritarrak txertatzeko eta herritarrak birusaren arriskutik babesteko".
COVID ziurtagiriaz gainera, txertoa eta prebentzio neurriak azpimarratu ditu Urkulluk koronabirusaren aurkako neurri eraginkorrenak bezala.