“Autoekoizpenak gorakada izan du; esango nuke Azokan kaleratzen den musikaren %60 autoekoitzitakoa dela”

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 5a, 13:00

Koldo Otamendi (Andoain, 1973) 'musikazuzenean.eus' web atariaren standean egongo da. Standagaz leiho bat zabalduko du Euskal Herrian autoekoitzitako diskoentzat. 

Musikazuzeneanen standa autoekoizpenaren leihoa izango da aurten ere. Zelan dator aurtengo edizioa?
Urte arraroa izan da guztiontzat eta guk ere igarri dugu hori. Antolakuntza lanak nekezagoak izan dira. Musika taldeek ere ez dute jakin Azoka zein formatutan egingo zen. Talde batzuk hor aritu dira, zalantzan, azken ordura arte, aurrera egin ala ez egin. Normalean, 40 diskotik gora izaten ditugu, baina aurten 35 bat izango dira. Dena dela, oso kopuru ona da. Ohiko diskoetxeetatik kanporako errealitatea erakusten du. Pozik gaude. Dagoenarekin aurrera goaz.

Zer-nolako osasuna du musikaren autoekoizpenak?
Esango nuke autoekoizpen mota ezberdinak daudela. Batetik, badaude konbikzioz egiten duten taldeak. Hau da, talde batzuek sinesten dute autoekoizpenean, Do It Yourself edo Zuk Zeuk Egin horretan. Filosofia horretan sinesten dute. Eta, bestetik, badaude diskoetxeekin aurrera egin gura izan duten baina azkenean autoekoizpenera jo behar izan duten taldeak. Hau da, talde horiei gustatuko litzaieke diskoa zigiluren batekin ateratzea, baina diskoetxeak beharbada ez du interesik ikusi haien lanean, eta, beraz, halabeharrez autoekoiztera jotzen dute. Bi arlo ezberdin dira. Horrez gainera, esango nuke autoekoizpenaren goraldia halabehar bat izan dela. Gaur egun diskoetxeak ez dira hain beharrezkoak musika eszenan. Laguntzen dute musikariei lan batzuk kentzen, noski, baina gaur egun beste mila bide dago diskoak editatzeko. Azkenik, talde entzutetsuak daude. Esne Beltza, Zea Mays eta halakoak izan daitezkeenak. Horiek, agian, nahiago dute autoekoizpenaren bidea hartu, askotan diskoetxe batek ez dielako haien kabuz lortu dezaketena baino gehiago ematen. Beraz, autoekoizpenak gorakada izan du. Filosofian sinesten dutenak daude, beste bide bat hartu ezin eta autoekoizpenera iristen direnak eta talde handiak. Esango nuke Azokako musika ekoizpenaren %60 autoekoizpenaren bidez kaleratzen dela. Diskoetxeek garrantzia dute oraindik, baina ez dira ezinbestekoak.

%60 gutxi gorabehera. Kopuru mardula dirudi.
Bai. Euskal Herrian geratzen diren diskoetxerik handienak Elkar, Baga Biga, Mauka eta Gaztelupeko Hotsak dira. Lau diskoetxe. Horietxek izan daitezke potenteenak. Eta Elkarrek, adibidez, aurten ez ditu bost disko atera. Garai batean, 20 edo 30 disko atera zitzakeen urtean. Adibidez, Zea Mays, Gatibu eta Esne Beltza taldeak, potenteak diren horiek, Baga Biga eta halako diskoetxeetan zeuden. Baina gaur egun autoekoizpenaren bidea hartu dute. 80ko eta 90eko hamarkadetan, punka mugitzen zenean, diskoetxeek eskaintza onak egiten zituzten diskoak grabatzeko. Baina, gaur egun, salmentak nola dauden ikusita, beharbada diskoetxeek ezin dute gauza handirik eskaini. Eta, bide horretan, beharbada taldeentzat errazagoa da autoekoizpenaren bidea hartzea, euren kabuz grabatzea, eta banaketa lanak baten bati, Elkarri, adibidez, ematea.

'Musikazuzenean.eus' atariari berrekin diozue. Zelan doakizue aro berri hau?
Musikazuzenean.eus gabezia batetik sortu genuen. Baziren gehigarriak, agendak, baina ez zegoen Euskal Herriko luze-zabalean zeuden kontzertuak jasotzen zuen euskarririk. 10 urte egin genituen. Gero, pandemia etorri zen. Orain, web orriarekin martxan gaude berriro. Eta pozik gaude. Pixkanaka badoa gora musika eszena. Euskal Herrian, leku askotan gertatzen ez dena gertatzen da. Nahiko eszena ezberdinak daude kilometro gutxitan. Jaialdietako eta frontoietako eszenez gainera, oso eszena potentea dago areto, gaztetxe eta tabernetan. Horiek dira eszenari bizitasuna ematen diotenak. Beti diot 100 kilometroko bueltan kontzertu pila dagoela. Beste leku batzuetan ez da hori gertatzen.

Zelan ikusten duzu eszena musikalaren aniztasuna? Zelan daude joera zaharrak eta berriak?
Tendentzia berriak datozela ikusten da. Hori argi dago. Musikalki, elektronikaren erabilpena dago batetik. Bestetik, euskaraz egindako trapa ere iritsi da. Horrelakorik ez da egon orain arte. Iruditzen zait euskaraz egiten den musika eszena oso anitza dela. Urte batzuk atzerago estankoagoa zen. Rocka zen nagusi. Eta rockaren ñabardura horiek zeuden alde guztietan. Gaur egun, oso anitza da gure musika eszena. Edozein musika estilo topatu dezakezu euskaraz. Alde horretatik, musika eszenaren paleta aberastu egin da, eta iruditzen zait denborarekin gehiago aberastuko dela. Gaur egun, ordenagailuarekin, tresna digitalekin, musika sortzeko gaitasun handia dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!