Bigarren diskoa kaleratu berri duzue, 'Uhin galduak'. Zelakoa da zuen lan berri hau?
Lehenengo diskoa 2019an kaleratu genuen eta Euskal Herri osotik zabaldu genuen. Baina lehenengo disko horrek argia ikusi aurretik, bageneukan ideia bat buruan, gure bigarren lanerako. Hau da, bagenekien gure ondorengo diskoak zer giro izan beharko zuen. Kanta guztiek lerro artean zerbait izatea zen gure asmoa.
Uhin galduak lana 2020ko udan hasi ginen konposatzen, pandemia betean. Esango nuke lehenengo abestietatik espaziora joateko ideia hori hasi zela nabarmentzen, bai soinuetatik eta baita genituen ideietatik ere. Kantaz kanta lortu genuen giro berezi bat izaten, testurak landuz eta soinu berriak txertatuz.
Musikalki, zelako diskoa da?
Esango nuke aurretik egin dugunarekin alderatuta oso disko esperimentala dela, soinu eta testura ezberdinak ditu eta. Estiloei dagokienez, beti esaten dugu funketik abiatzen garela, baina, nire ustez, lan honetan badaude abesti batzuk popagoak edo beste batzuk rockeroagoak.
Lantzen dituzuen letren oinarrian, zuen kezka edo salaketak agertzen direla esan daiteke.
Bai, izan daiteke. Gure lanarekin ez dugu mezu bat hedatu nahi. Baina esango nuke kanta guztiak bidaia bati lotuta daudela, eta ihes egiteko gogo bati. Eta, beraz, bai, kezka horiek argitara ematen dira. Gure ustez, ihes egitea aterabide bat da eta horixe nahi genuen, entzuleak bederatzi kantetan ihes egiteko aukera izatea.
Zelakoa izan da COVID sasoian diskoa grabatzea?
Luzea izan da, biziki luzea. Bakoitzak etxean lantzen genituen kanta batzuk. Etxean landutakoa eta bertan sortzen zitzaizkigun ideiak whatsappez bidaltzen genizkion elkarri. Udan berriro elkartzen hasi ginen eta proiektuari forma ematen hasi ginen.
Diskoa 2020ko abenduan grabatu genuen, Mungian, Magic Box estudioan, James Morganekin.
Eta, beraz, bai, COVID garaiak ez du batere erraztu lan luze hori. Baina azkenean lortu dugu diskoa kaleratzea.
Durangoko Azokan diskoa aurkezteko aukera izango duzue. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Ilusio izugarria egiten digu Durangon egoteak. Laurok sarritan izan gara Azokan eta hainbat talde deskubritu izan ditugu Ahotsenean. Nahiz eta kontzertuak laburrak izan, aurrez aurre eta ezagutzen ez dituzun taldeak entzuteko aukera ematen du. Nik izugarri maite dut ideia hori. Azken finean, urtean diskoa atera dutenei lekua egiten zaie. Hori aukera bikaina da taldeak deskubritzeko. Eta musikariontzat Ahotseneak aukera aparta eskaintzen du gure lana plazaratzeko. Gainera, aurten Ahotsenea Plateruenean izango denez, gogo izugarria dugu jotzeko.
Behin diskoa kalean dagoela, orain kontzertuak lotzen ibiliko zarete.
Bai, horretan gabiltza, eta dagoeneko baditugu batzuk lotuta. Abenduaren 5ean, igandean, Ahotsenean joko dugu kontzertua, eta bezperan, larunbatean, Mutrikun izango gara, Gaztetxean. Mutrikuko Gaztetxean Abendu Rock festibala antolatzen dute eta hantxe izango gara. Gogotsu gaude kontzertu hauetarako.