"'Bañolet' telesailaren estreinaldia izango da Durangokoa eta gogotsu gaude horretarako, leku berezia da eta"

Maialen Zuazubiskar 2021ko abe. 4a, 11:00

Durangoko Azokak hirugarren sormen beka banatu du dagoeneko. Iazko Azokan iragarri zuten hirugarren sormen bekaren irabazlea nor zen, Bañolet telesaila hain zuzen ere. Sormen beka horri eskerrak, Maia Iribarnek (Lasa, 1995) eta Paxkal Irigoyenek (Ainhize-Monjolose, 1988) lau kapituluz osaturiko telesaila egin dute. Kapitulu bakoitza hamabost bat minutukoa da.

Haurrak dira telesaileko protagonista, eta haien ikuspegitik kontatzen da istorioa. "Filmeko istorioa Luisa izeneko neskato baten eta bere lagun taldearen abenturetan oinarritzen da. Bañolet herrian daude. Bertan badute ohitura bat, erritual bat,  haurtzarotik heldutasunera igarotzeko. Telesailean euren abenturak, kezkak eta erritualaren prestaketak ageri dira, besteak beste", adierazi du Maia Iribarnek.

Nafarroa Behereako hainbat familiak eta herritarrek parte hartu dute telesailean; 150 bat lagunek, guztira. "120 bat figurante izan ditugu eta baita hainbat laguntzaile ere, trafikoa bideratzeko, kozinatzeko eta abarretarako... Egundoko lana egin dute eta oso eskertuta gaude. Eurei eskerrak ere sortu ahal izan dugu proiektua", jarraitu du Iribarnek.

Bañolet telesaila abenduaren 5ean aurkeztuko dute, 12:00etan, Irudienean, eta egileek aitortu dutenez, "gogo handia" dute Zugaza zineman ikusteko. "Bañolet telesailaren estreinaldia izango da Durangokoa eta gogotsu gaude horretarako, leku berezia da eta. Gainera, grabazioetan parte hartu duten 50 bat lagun etorriko dira eta horiek ere oso pozik daude", jarraitu du Iribarnek. Estreinaldi horren ondoren, martxotik aurrera, telesaila beste zinemetara ere hedatzea da egileen asmoa. "Durangokoa lehenengo test bat izango da. Jendeari gustatzea espero dugu. Orain ikusleen iritziaren zain gaude", azaldu du Iribarnek.

Proiektuak bultzatzen
Gerediagak banatzen duen Sormen Bekaren asmoa euskarazko sorkuntza sustatu eta sortzaile berriei bidea erraztea da. Lehenengo bekagaz, Atopia rol jokoa bultzatu zuten, eta bigarrenagaz Kai Nakai musika egitasmoa. Hirugarrenagaz Bañolet telesaila bultzatu dute, eta aurtengo sormen bekaren irabazlea nor den abenduaren 7an iragarriko du Gerediaga elkarteak. 

Bañolet telesailaren sortzaileek sormen bekaren garrantzia azpimarratu dute. "Egia esan, ez genuen espero beka irabaztea, eta oso pozik gaude. Azken batean, bekari eskerrak gure lehenengo ikus-entzunezkoa sortu ahal izan dugu. Proiektu hau aurrera ateratzeko aukera izan dugu", esan du Iribarnek.

Irudieneako filmak
Bañolet telesaila ikusteko aukera egoteaz gainera, beste 34 film ere ikusgai egongo dira Zugazako zinema-aretoetan, Irudienean: hamabi film labur, hamaika dokumental, hiru film luze, aurkezpen bi, hiru estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Film hauek egongo dira ikusgai, besteak beste: Nora, Paperezko hegoak, Altsasu (gau hura), Ur Mehea, Dragoiaren gidaria eta Erlauntza.

Irudieneako kideek azaldu dutenez, "inoizko parekideena" izango da. "Irudienea inoiz baino parekideagoa izango da, zuzendaritza eta protagonistei dagokienez emakumeak izango dira-eta nagusi, eta hainbat gai jorratuko da bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria...", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!