Euskal Dendako postuen herenak lehenengoz bisitatuko du merkatu plazako artisauen azoka

Joseba Derteano 2021ko abe. 3a, 11:00

Iazko parentesiaren ondoren, bueltan da Euskal Denda. Aurtengo aldia berezia izango da, zilarrezko ezteiak beteko ditu eta. Euskal artisauentzako ekitaldirik garrantzitsuenak hogeita bosgarrenez zabalduko du Durangoko merkatuko atea abenduaren 4tik 8ra, Arbaso elkarteak antolatuta.

Azoka asko bertan behera geratu da pandemiarengaitik, eta artisauei euren artelanak eta sorkuntzak ezagutarazteko erakusleihoak falta izan zaizkie. Euskal Dendak aurrez aurreko hartu-eman hori berreskuratzeko balioko du. "Publikoagazko aurrez aurreko hori da, hain zuzen ere, garrantzitsuena eta balioa ematen diona azoka honi. Topaketa horietan, bezeroak produktua zelakoa den eta zelan egin den azaltzen du. Gainera, artisauek aurpegia eta ahotsa ipintzen dizkiete euren bezeroei, eta haien gustuen berri dute", azaldu dute Arbasoko arduradunek.

Euskal Dendaren arrakasta hazten joan da edizio bakoitzean. Azoka egunak kontuan hartuta, 20.000 bisitari inguru jasotzen ditu. "Aurreko edizioak goia jo zuen, 34.000 parte hartzaile izan zituen eta. Sarrerako atean harturiko zenbakiak dira, azokako egunetan, objektibotasun osoz", nabarmendu dute Arbasotik.

19 postu berri
Durangon bilduko diren 53 artisautza-enpresetatik 19, hau da, parte hartzaile guztien %36 lehenengoz egongo dira Euskal Dendan.

Lurraldeak kontuak hartuta, beste urte batez, Bizkaiak izango du ordezkaririk gehien, 26 artisaugaz. Gipuzkoatik 15 etorriko dira, Nafarroatik 6, Arabatik 5 eta Nafarroa Beheretik bat.

Eskualdeko bost
Durangaldetik bost artisauk parte hartuko dute. Eneko Unzalu bitxigilea hantxe egongo da, aurreko urteetan sarritan egin duen moduan. Egurra lantzen duen Felix Larrañaga ere Euskal Dendan izango da. 2018an, stand-ik onenaren saria irabazi zuen berriztarrak. Gustu guztietako poltsak eta motxilak egiten dituzten Elorrioko Gorakat dendakoek ere stand bat izango dute. Aurten, laugarren parte hartzea izango dute Euskal Dendan. Artisauen plaza honetan, ohiko bisitariak dira Restaurarte zaharberritze-tailerreko kideak ere; 2010ean, stand-ik onenaren saria irabazi zuten. Durangaldeko ordezkaritza Iñaki Unanue artisau eta eskultoreak osatuko du. Aurretik, hiru bider izan da Euskal Dendan, azkenengoz orain hamar bat urte. Urteetan egindako lanak erakutsiko ditu Zornotzan bizi den basauritarrak.

Postuak sektoreka
Sektoreka, aurten ehungintza izango da nagusi, askotariko bertsioetan. Arlo horri loturiko 15 artisauen artean, osagarriak eta feltroagaz landuriko lanak erakutsiko dituzte, besteak beste. Bitxigintzak ere espazio nabarmena izango du, zazpi postugaz. Horrez gainera, nekazaritzako elikagaien sektoreak urteetan izan duen hazkundearen isla ere izango da Euskal Denda, eta arlo horretako sei posturi egingo die tokia. Zeramikari, larruari, jostailuei, euskal kirolei, serigrafiari, zapatagintzari eta kosmetikari loturiko artisautza postuak ere bisitatu ahalko dira, beste hainbaten artean.

Ordutegia
Euskal Denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik aurten. Abenduaren 4an, zapatua, 10:30ean zabalduko ditu ateak ofizialki. Goizetan, 11:00etatik 14:30era egongo da zabaloik, eta arratsaldeetan 16:30etik 21:00etara. Azken egunean, abenduaren 8an, 20:00ak arte bisitatu ahalko da arratsaldez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!