Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen aldeko mobilizazioak egingo dituzte Durangaldean

Anboto 2021ko abe. 1a, 09:45

Sindikatuek eta gizarte eragileek deituta mobilizazioak egingo dituzte Elorrion, Zaldibarren, Durangon eta Zornotzan, 19:00ean.

Durangaldeko sindikatuek eta gizarte eragileek mobilizazioak deitu dituzte gaurko, "lan, pentsio eta bizi baldintza duinak" aldarrikatzeko. Espainiako lan eta pentsio erreformen testuinguruan kokatu dituzte mobilizazioak. Euren berbetan, Madrilen hileotan eztabaidagai dagoenak "norabide aldaketa" bat ekarri barik, "bizitzaren sostenigarritasunana alboratzeko eta kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea" ekarriko du. "Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak", adierazi dute mobilizazioaren deitzaileek. Hori dela eta, "genero arrakalrik bako pentsio sistema" aldarrikatuko dute, "eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala". Bestalde, sindikatuek eta eragileek azpimarratu dute pandemiak "azkartu" egin dituela "jadanik indarrean zeuden krisi anizkoitzak", hau da, "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak". 

Elorrion herriko plazan egingo dute mobilizazioa. Zornotzan, Erreferendum plazan. Durangon, Andra Marin eta Zaldibarren manifestazioa egingo dute udal plazatik hasita. Mobilizazio guztiak 19:00ean hasiko dira. Deitzaileein artean, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT, CNT, pentsiodunak, mugimendu feminista eta gazte mugimenduak daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!