Zornotza-Iurreta bizipistako lanak inauguratu dituzte, Frantziako Tourreko zuzendariaren parte-hartzearekin

Joseba Derteano 2021ko aza. 26a, 12:48

Unai Rementeria Chritian Prudhomm eta Andoni Agirrebeitia bizipistaren lanen hasiera ekitaldian.

Bizkaiko Aldundiak 12,7 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko lehenengo bizipista egiten eta 15 hilabetetan amaitzea itxaroten dute.

Zornotza Iurretarekin lotuko duen bizipista egiteko lanak inauguratu dituzte gaur, Zornotzako Zelaieta parkean egindako aurkezpenagaz. Ekitaldiak gonbidatu berezi bat izan du: Frantziako Tourreko zuzendaria den Christian Prudhomm.

"Frantziako Tourra munduko itzulirik garrantzitsuena den heinean, eguneroko bizitzan bizikletaren erabilpena balorean jartzeko balio dezake. Txirrindularitza profesionalaren eta bizikletaren ohiko erabilpenaren arteko lotura hori garatzea interesgarria da eta horregatik adierazi nahi diegu gure babesa horrelako ekimenei", adierazi du Tourreko zuzendariak. Frantziatik kanpora antzerako proiektu bat babestera irten den lehenengo aldia dela azpimarratu du.

Unai Rementeriak proiektuaren garrantzia nabarmendu du. "Kirol arloan nazio txirrindularia gara eta mugikortasunean ere nazio txirrindulari izan behar dugu". Bizipistak egitea "bizi-kalitatean inbertitzea" dela adierazi du. Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak erakundeen arteko lankidetza balioan jarri eta udalerrian abiatuko duten Amorebieta-Etxano Bizikletaz proiektua gogoratu du. 

Bizipista, datutan

Bizipista eraikitzeko 12,7 milioi euroko aurrekontua eta 15 hilabeteko egikaritze-epea dago. Honako hauek dira azpiegitura berriari buruzko datu batzuk.

  • Bideak 7,5 kilometroko luzera izango du. Zornotza Iurretarekin lotuko du.
  • AP-8 autobidearen paralelo joango den ibilbidean San Migel Dudea, Erkoles, Euba, Berna eta Arriandi auzoak zeharkatuko ditu.
  • Bizikletentzako pistak 3,8 metroko zabalera izango du; oinezkoenak, 1,85 metrokoa.
  • Errepideak gurutzatzea saihesteko errepide gaineko hiru pasabide eta beheko pasabide bat eraikiko dituzte.
  • Bizipistan zehar eguzki-energiaz elikatutako LED argiak jarriko dituzte; baita zurezko pasabideak eta harrizko edo landarezko pantailak ere, bizipista alboko autobidea ez ikusteko eta zarata gutxitzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!