“Migratzaileen egoerarekiko kezkak konkrezioa eta lurra hartzen du testigantza harreman sakona duzun batengandik jasotzerakoan”

Ekaitz Herrera 2021ko aza. 19a, 09:30

Xilabako txapela jantzi berri, Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketa laugarrenez irabazita etorri da Durangora. Baina ez bertsolaritzaz aritzeko; gertutik ezaguturiko migrazio istorioak eta hausnarketak partekatzeko baino. Amets Arzallusek (Hendaia, 1983) eta Ibrahima Baldek 'Miñan' liburua idatzi zuten orain urte bi. Bertan, Balderen migrazio istorioa jaso zuten, Gineako Konacry hiriburutik irten eta Europara ailegatu zen arte. Liburuak mugei buruz eta jaioterria abandonatzera behartuta sentituriko migratzaileen inguruan eragiten du hausnarketa.

Zorionak txapelagaitik! Zer moduz doaz Xilabako biharamunak?
Atzera begiratuta, pozik nago emandako mailarekin eta orokorrean egin genuen saioarekin. Xilabako finala plaza inportantea da Iparraldeko euskalgintzarentzat eta bertsolaritzarentzat. Indar, arnas eta txute bat da, gero bide luzean irauteko. Plaza ederra izan zen, jendeak disfrutatu zuela uste dut. Guk izugarrizko energia jaso genuen jendearengandik, eta uste dut aspaldidanik zegoela gisa honetako jai baten parte sentitzeko beharrizana. Euskaldun lez, bertsozale lez.

'Miñan' liburua aurkeztera etorri zara Durangora. Liburua kaleratu zenutenetik urte bi joan diren arren, liburuaren ardatza ez da inondik inora iraungi. Xilabako amaierako agurrean ere, aktualitate karga handiko toponimo bi bota zenituen: “Bidasoa” eta “Ziburu”.
Bai. Zoritxarrez, bukaera tragiko bat dagoenean, toponimo horiek dira komunikabideetara agertzen diren gertakizunak, berriak, lekuak eta pertsona konkretuak. Baina bukaera tragiko horretara ailegatu barik, eguneroko-eguneroko errealitatea da migratzaileek bidean duten ibili nahi eta ezina. Oztopoak, trabak, sufrimenduak eta diru xahutze izugarriak. Horiek egunerokoak dira. Izan asteburu ala astegun. Zoritxarreko bukaera bat dagoen aldiro azaltzen badira ere, izugarriak dira egunerokoan dauden sufrimendua eta pertsona batek bere bizitzari eusteko bidean dituen injustiziak. Toponimo horiek izebergaren punta dira, baina izugarrizko blokea dago azpian.

Liburua Ibrahima Balde ginearrak eta zuk idatzi zenuten, 2019an. Zelan ezagutu zenuten elkar?
Garai hartan, Irungo Harrera Sarera joaten nintzen boluntario lez, tarteka. Orain ere bai. Talde zabala da. Eta han tour txiki bat egiten genuen. Renferen Irungo tren geltokitik abiatu, eta beste bi muga ertzak behatzen genituen: Santiago zubia eta Behobia. Iritsi berria zen inor ba ote zegoen ikusten genuen. Gero, eurengana hurbiltzen ginen informazioa eskaintzera. Goiz horietako batean, neu nintzen tour txiki hori egiteko ardura zuena. Irungo Renferen geltokian sartu nintzen. Bertan kafetegi txiki bat dago. Eta kanpoaldean, eserleku batzuk. Dozena bat lagun zeuden han. Iritsi berriak. Hurbildu nintzen, eta Ibrahima zen euretako bat. Han ezagutu genuen elkar. Hurbildu nintzen eta gure boluntario sarea aurkeztu nien. Konfiantza hartzea ez da erraza. Migratzaile batek, bere bidean, mesfidantza ere behar baitu bere burua babesteko.

Elkar ezagutu zenutenetik zelan sortu zen liburua kaleratzeko ideia?
Egia esan, ez genuen liburu bat idazteko inolako asmorik. Hasiera sinplea izan zen. Asiloa eskatzen zutenek horretarako motiboak aurkeztu behar zizkioten poliziari. Komisarian elkarrizketa bati aurre egin behar izaten diote asiloa eskatzearen motiboak azaltzeko. Eta istorio hori hain da gogorra eta zauritua, bideko tragediez josia, laguntza eskaintzeari ekin geniola. Hau da, elkarrizketak egiten hasi ginen, euren istorioak txosten batean jaso, eta, ondoren, komisariako galdeketa iritsitakoan euskarri modura baliatu zitzaten. Horretarako egin nion elkarrizketa Ibrahimari. Hori izan zen abiapuntua. Gero, elkarrizketa gehiago egon zen. Baina hasieran ez zegoen liburu bat egiteko inolako pretentsiorik.

Liburuaren estiloa oso aratza da, garbi-garbia. Esan daiteke kazetariak esku hartze gutxi egin gura izan duela Ibrahima Balderen kontakizunean. Nahita egindako zerbait da?
Nik bilatutakoa baino, Ibrahimak emandakoa da. Bera ezagutu nuenean, bere istorioa kontatzen hasi zenean, kontatzeko modu oso berezia zuela sumatu nuen. Ahozkotasunaren arrastoak zituen. Berba egiteko modu hautsia eta ederra. Sinplea bezain sakona. Hori deskubritzeaz batera, istorioaren gogorrak inpaktatu ninduen. Ez da lehenengo egunean kontatzen den istorio bat. Konfiantza behar duzu xehetasun batzuetara ailegatzeko. Baina kontatzeko modua hasieratik hauteman dezakezu. Beraz, nik bilatutakoa baino, gehiago da aurkitutakoa. Saiatu naiz hori ahalik eta gardenen eta gordinen errespetatzen. Ez nuen Ibrahimaren eta irakurlearen artean sartu gura, tutore edo zuzentzaile bat lez. Uste dut Ibrahimak nahikoa aduana pasatu duela bidean, bat gehiago edukitzeko.

Ibrahima Balderen istorioa unibertsala, esportagarria, izan daiteke gainerako migrazio istorioak
kontatzeko?
Migratzaileen pairamen asko antzekoak izan daitezkeen arren, bakoitzak bere bizipenak dituela uste dut. Dibertsitate handia dago. Eta migratzeko arrazoiekin ere, berdin. Guk uste dugun baino arrazoi eta korapilo gehiago dago. Alde horretatik, Ibrahimarena izan daiteke Europara iritsi nahi ez zuen migratzaile baten istorioa. Horrek diferentzia bat markatzen du. Baina ez da bakarra. Esango nuke istorio bat bera ere ez dela esportagarria. Istorio bakoitza diferente izateak egiten du migrazioa unibertsal.

Ibrahima Balde ezagutu aurreko Amets Arzallus eta Ibrahima Balde ezagutu osteko Amets Arzallus berdinak dira?
Migratzaileekiko kezka banuen aurretik ere. Min hori modu abstraktu batean bizi nuen. Eta horrek guztiak konkrezioa eta lurra hartu du istorio hau hain hurbil eta harreman sakona dudan pertsona batengan, bere gorputzean, ikustean. Hedabideetatik jasotzerakoan, kokapen ideologiko argia izan dezakezun arren, teoria eta distantzia batetik hartzen duzu dena. Baina gero, gaiak konkrezio, lur eta hurbiltasun gehiago hartzen duenean, zorrotzago jartzen da zure barneko korapiloa. Zure bizi baldintzei begira, zure konfortari begira ipintzen da. Bihurritu egiten du zure izateko modua. Aberastu egiten zaitu. Eta minberatu egiten zaitu. Motxila hori guztia hartzen duzu soinean, eta aurrean duzunera moldatzen zara. Asko ikasi dudala esango nuke.

Zelan dabil Ibrahima? Mantentzen duzue harremana?
Elkarrizketa honekin hasi baino hogei minutu lehenago berarekin aritu naiz telefonoz. Oso harreman hurbila dugu, nahiz eta une honetan bera Madrilen dagoen eta ni Euskal Herrian. Sarri hitz egiten dugu. Joan zen asteburuan, adibidez, Euskal Herrian egon zen. Pandemia garaian berba asko egin dugu telefonoz. Azkenaldian dezente gaude elkarrekin. Lagun arteko harremana dugu, konstantea.

Miñan hitzak anaia esan gura du pular hizkuntzan. Zuon bion anaitasun hori ere esportagarria ote da gainerako herritarrontzat?
Migratzaileei laguntzeko lanetan ari diren herrikako harrera sareek harreman hurbila sortzen dute. Pertsona bat ezagutzen duzunean beste begi batzuekin erantzuten diozu egoerari, naturalago. Hasieran, ez ezagutzeak uzkurdura bat eragiten du. Baina, gero, gauzak aldatu egiten dira. Ibrahimak, adibidez, gure kulturarekiko, gure hizkuntzarekiko jakin-mina eta sentsibilitatea ditu. Hor hariak eta harremanaren sare oso bat gurutzatzen dira. Distantzia fisiko, kultural eta geografikoak azkar apurtzen dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!