AZAROAK 25

“Emakumeok eskubideak lortu ahala, gure aurkako erreakzioa bortitzagoa izan da”

Jone Guenetxea 2021ko aza. 18a, 12:03

Emakumeen aurkako indarkeriagaz loturiko albisteen bitartez, Maria Gorosarrik hedabideek sortzen duten errelatoa aztertu du kaleratu berri duen 'En contra de la banalización del feminismo' liburuan. Horretarako, hedabide batzuetan erabiltzen diren mekanismoak aztertu ditu. Kontzeptu bi nabarmentzen ditu: "Ustezkokeriak" eta 'himpathy'.

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan hedabideek sortzen duten errelato mediatikoa landu duzu zure liburuan. Hedabideek zein errelato eraikitzen dute indarkeria kasuen inguruan?
Zapalkuntzak rol bi bereizi ditu. Alde batetik, ‘himpathy’ kontzeptua dago: gizonenganako neurririk bako sinpatia. Egiten dutena eginda ere, barru-barruan ‘mutil onak’ direla sinesten da. Bestetik, emakumeok, egiten digutena eginda ere, ‘maltzurrak’ eta ‘gezurtiak’ gara. Orduan, ez daukagu sinesgarritasunik, eta gure berba zalantzan ipintzen dute. Mekanismo bi horiek gure aurkako indarkeria zuritzen dute.

“Ustezkokeriei” buruz ere idazten duzu. Sarritan ikusi zaitut zure Twitter kontuan ere “ustezko erasoa” ipintzen duten albisteak kritikatzen. Emakumeen berba zalantzan ipintzen dute. Arlo honetan, zein ikerketa egin duzu?
Emakumeok ‘gezurtiak’ garela sinesten dutenez, salatzen ditugun delituetan ere gezurretan gabiltzala aditzera ematen dute. Horretarako, ‘ustezko erasoa’ esamoldea erabiltzen dute. Biktimek salatu beharreko gainerako delituekin alderatu ditut eta ondorioztatu dut hedabideek albisteen bikoitzetan erabiltzen dutela ‘ustez’ berba salatzailea andrazkoa bada. Aseguru-etxeak mugikor berria emateko, zaharra lapurtu egin digutela egiaztatzeko eskatzen zuen, eta harrezkero oso altua da salaketa faltsuen kopurua. Baina gizonezkoek lapurretaren bat salatzen dutenean, hedabideek ez dute ‘ustezko lapurreta’ esaten. Haien berba sinesgarria da eta gurea ez. Gainera, eskubideak lortu ahala, gure aurkako erreakzioa bortitzagoa izan da. Ustezkokeriak biderkatu egin dira. Espainiako Genero Indarkeriaren aurkako Legea onartu zenetik!

Emakumeen aurkako indarkeria kasuen albisteak jada ez dira gertakarien atalekoak hedabideetan. Aurrerapausoak eman dira gaia lantzerakoan, baina oraindino ere lan handia dago egiteko?
Hasteko, erasoaren zehaztasunek ez daukate zigorrean ezelango eraginik. Gainerako emakumeok sentitu dezakegun beldurra areagotu baino ez dute egiten. Zehaztasunak argitaratuz, emakumeon aurkako indarkerien beldurrezko errelatoa handitzen dute. Gainera, sexu-erasoa gertatuko zaigun gauzarik txarrena dela diote, inoiz gaindituko ez duguna, baina gertatuko zaiguna. Oso maltzurra da. Horretarako, ‘bortxaketa’ berbagaz tematzen dira, gerora markatuta utziko gaituen kontu bategaz. Baina Espainiako Zigor Kodean ez dago ‘bortxaketa’ deliturik 1995etik! Sexu erasoa da, indarkeriagaz lotzen duen kontzeptua delako, edo sexu abusua, drogatu bagaituzte edo beldurtuta geldirik geratu bagara. Zoroa da: beste delituetan, kasu horretan, erasotzailearen jarrera gogorrago zigortzen da; bere burua defendatu ezin duen pertsona hiltzea, adibidez, erailketa da eta ez istripuzko hilketa.

Kasu mediatiko bi lantzen dituzu. Horietariko bat 'Xaolin'-ena. Kasu honetan ere, errelato mediatikoan erasotzaileak dioenak duen pisua salatzen duzu.
Himpathy-ren adibidea da. Berak monje shaolina zela esan zuen eta hedabideek ez zuten adierazpen horrekiko ezelango distantziarik ipini: "monje shaolina dela dio" esatea nahikoa zen. Are larriagoa da atxilotuta zegoenean tumore bat zuela deklaratu zuela. Prentsak horren berri eman zuen, andre bi torturatu eta hil zituela zuritzeko. Gaixo zegoela aditzera ematen zen. Bestela, ez zuela horrelakorik egingo, ze, azken batean, "gizon ona" zen.

Bigarrena 'La Manada'-ren kasua da. Erasotzaileen errelatoa desmuntatzen duzu.
Erasotzaileen errelatoa hedabideek eraiki dute. Prendaren adierazpenak egiazkotzat hartu zituzten: andrea ezagutu zuenean, Prendari esan zion lehenengo gauza “oso guapoa zara” izan zela. Prendaren argazkia ikusi duen inork sinesgarritasunik emango lioke horri? 

Liburuan feminismoaz diharduzu, eta hainbat erreferentzia interesgarri eskaintzen duzu. Feminismoaren banalizazioaz diharduzu? Zergaitik eta zertarako banalizatzen da? Deslegitimatzeko? Askotan entzuten da: “Ni ez naiz ez matxista ez feminista, berdintasunaren aldekoa naiz. Feminismoaren banalizazioagaz lotuko zenuke hori? Feminismoa bera desitxuratu gura izan da?
Osasunaren eta gaixotasunaren kontra ere ezin da egon, gaixotasun apur bat onartzen zabiltzalako. Feminismoaren banalizazioaren arriskuaz nabilenean, mugimendua barrutik desitxuratzeaz nabil. Feminismo pertsonalistak norberaren jarrerak kontu politikotzat hartzeko arriskua seinalatu gura izan dut. Gainera, gure erreferentziak alboratu eta AEBetan sortu duten errelato made in Hollywood akritikoki onartu dugulako.

Maitasunaren injustiziaz ere berba egiten duzu. Maitasun erromantikoaz berba egiten duzu?
Emakumeok gure hartu-eman heterosexualetan daukagun sentimenduari ‘maitasunaren injustizia’ izena ipini zion Marcela Lagardek, gure bikotekideek baino ahalegin handiagoa egiten dugula sentitzen dugulako. Zapalduriko beste talde batek ere ez daukan loturagaz bizi gara: maite dugun pertsonari gure zapalkuntza sozialak onurak ekartzen dizkio. Horregaitik, XIX. mendetik, anarkista eta sozialistak maitasun librearen alde borrokatu dira, errespetuan eta konpromisoan oinarrituriko hartu-emanen alde: egun batekoak, hileetakoak edo urteetakoak izanda ere. Gure egunerokotasuna libreagoa izan dadin. Hala ere, azken urteotan zabaldu den AEBetako errelatoaren arabera, orduan boto eskubidea zen garrantzitsuena, 1848an Seneca Falls-en 62 emakume elkartu zirelako. Europako 1830 eta 1848ko iraultzetan, langileen aldarrietan gure hartu-emanen askatasuna ere defendatu zuten.

Liburuaren azaleko argazkiak badu bere istorioa. Azalduko zenuke?
Damasa Agirregabiria agertzen da, 1936ko Itziarreko jaietan, ehun kiloko harria altxatzen. Argazkian ikusten da deneriko andreak daudela: indartsuak ere bai. Gero, norberaren interpretazioak datoz. Nik ikusten dudana da andreak lasai asko ehun kilo altxatuta dauzkala eta gizona kilo gutxiago altxatu ezinik dabilela. Orduan, itxaroten geratzen zaio Agirregabiria: ‘benga!’. Euskal iruditeria da, gure errealitatea. Liburua ere gure erreferentzietan oinarrituta dago, oso modu errazean idatzita, edonork irakurri eta ulertu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!