Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezarri gura du ostalaritzan

Anboto 2021ko aza. 16a, 12:29

Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari eskatuko dio "gaueko aisialdiari lotutako establezimenduetan eta jatetxeetan" covid pasaportea ipintzea ahalbidetzeko.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du eguerdi honetan, koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragartzeko. "Ez goaz ondo", adierazi du Sagarduik. "Joerak adierazten du pandemia hazkunde abiadura handiarekin ari dela gora egiten". Aitortu du ospitaleetako presioa ez dela "oraindik" lehenagoko olatuetan bezainbestekoa, baina egoerak okerrera egin baino lehen "neurriak hartzea" erabaki du Jaurlaritzak.

Batetik, "prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduera eta ekitaldiak" etengo dituzte; bestetik, "prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduerak eta ekitaldiak" etengo dituzte, eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidego Auzitegi Nagusiari asteon eskatuko diote "gaueko aisialdiari lotutako establezimenduetan eta zenbait jatetxeetan" covid ziurtagiria ipintzea ahalbidetzeko.

Bestalde, honako neurri hauek hartuko ditu Jaurlaritzak:

  • Udal agintariek esku hartu ezin duten ekitaldi jendetsuak atzeratu edo bertan behera utziko dituzte, ekitaldien izaera edozein motatakoa izanda ere, intzidentzia 150etik gorakoa den udalerrietan.
  • Jende pilaketak egotea aurreikusi daitekeen egoeretan, espazioak handitzea eskatu du Jaurlaritzak.
  • Ekitaldiak eremu zarratuetan egin barik kanpoan egitea agindu du.
  • Elikagaiak eta edariak ostalaritzan baino ezingo dira saldu. Bestelako ekitaldietan ura baino ezingo da zerbitzatu. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 196,25ekoa da, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren berbetan. Txertoari eskerrak "aurrerapauso handia" eman dela nabarmendu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!