Protestak Bizkai osoan ari dira isla izaten, baina goiz honetan ailegatu dira gure eskualdera. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, supermerkatutetako beharginek mobilizazioak egin dituzte gaur Durangoko Alcampo eta BM, eta Iurretako Lidl supermerkatuen aurrean. Beharginen helburua bat da: elikadura merkataritzako ituna berritzea. Ekhiñe González Durangaldeko LAB sindikatuaren ordezkaria da elikadura merkataritzari lotutako gatazka honetan. Bere berbetan, beharginen ituna "agortuta" dago: "Ituna 2018ko urte amaieran agortu zen. Gero hogeita hamar hilabeteko ultra-aktibitatea sartu zen indarrean, baina hura ere amaitu zen. Ituna agortuta dago, beraz". Gonzálezek azpimarratu du osasun krisialdia hasi zenean "esentzialak" lez izendatu zirela supermerkatuetako beharginak, baina kritikatu du, orain, "ikusezinak izatera" igaro direla. Horren aurrean honako eskakizun hauek egiten dizkiote patronalari: beharginen gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea, eta, emakumeen eta gizonezkoen soldata arrakalarekin amaitzea.
Gonzálezek aurreratu duenez, datorren astean mobilizazio gehiago egingo dituzte. Bizkaiko hainbat txokotan izango dira, baina, momentuz, ez Durangaldean. Sindikatuek Lidl, Alcampo eta BM supermerkatuen aurrean protesta egin dute, "supermerkatu horiek direlako patronalaren mahaian ordezkaritza dutenak". Lan gatazka honek supermerkatuetako "8.000 bat" behargini eragiten die Bizkaia osoan.