ANBOTOK 20 URTE

Beste 20 urte baietz!

Oihana Azkorbebeitia Urizar (Mendi korrikalaria) 2021ko aza. 13a, 10:00

Oihana Azkorbebeitia Urizar (Mendi korrikalaria)

Barikuetako poz handietariko bat da niretzat Anboto. Postontzian ikusita bakarrik irribarre bat ateratzen dit, jakin badakidalako sofan edo mahaira jesarri eta irakurketak plazera sortuko didala zati baterako, eguneroko burrundadatik eta bizimodu bizkor eta estresagarri honetatik unetxo batez behintzat askatuko nauela.

Beste postontzietan ale bana dagoela ikusteak ere poza ematen du, nik sentitzen dudan antzeko zirrara sentituko dutelako askok euren alea hartzean. Zelan ez da, ba, zirraragarria izango, Durangaldean euskara hutsean dugun astekari bakarra izanda! Izena irakurrita bakarrik, Anboto, mendia gogora dakarkidan berripapera da, eta ez edozein mendi, gure parajeko mendirik garaiena, mitologikoena, Mariri aterpe ematen diona. Zelan ez zaizkit, ba, interesgarriak egingo Anbotoren altzoan gertatzen diren berriak? Gainera, akuilu ederra da denontzat euskaraz gozamenez irakurtzeko.

Nire kasuan, gainera, kolaboratzeko aukera dut; oker ez banago, zortzi urte pasatxo daramatzat lantzean behin zutabetxoa idazten, eta neure parte ere sentitzen dut Anboto, eta neu ere Anbotoren parte sentitzen naiz neurri handi batean.

Anbotok herririk herri garamatza, auzorik auzo, mendirik mendi eta errekarik erreka. Kirolean murgiltzen eta kirola bizitzen laguntzen digu, kulturaz janzten gaitu, Durangaldeko txokoak erakusten dizkigu eta buruari klik egiten ere laguntzen digu, umeei batez ere. Gure txiki biak behintzat buru-belarri sartzen dira haurrentzat prestaturiko labirinto, letra-zopa, esaera zahar, margolan, gurutzegrama eta ingurumarietan.

Baina, batez ere, esango nuke euskal komunitate baten parte sentiarazten nauela/gaituela Anbotok. Beraz, zorionak lantaldeari. Beste 20 urte baietz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!