ANBOTOK 20 URTE

Aurrekariak

Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Idazlea) 2021ko aza. 14a, 10:00

Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Idazlea)

Tavira aldizkaria argitaratu zen 1959 eta 1963 artean. Hura bultzatu zuten gazteek —Santi Duñaiturriak, Eugenio Arietaraunabeñak eta enparauek— Ezkurdi izena ipini nahi izan zioten, baina Jose Echeandia Santa Anako parrokoari larriak iruditu zitzaizkion E-zk-di letra horiek letra handitan ikusteko, eta nahiago izan zuen Tavira izendatu, uverekin. Ez titulua bakarrik, gazteen gogo moderno euskaltzaleak orri parrokial bihurtu zituen. Durangoko Alpino Tavira mendizale taldeak Katazka aldizkaria argitaratu du luzaroan, 1973tik aurrera behintzat 59 zenbakitik gora gordeko dira.

 Gerediaga aldizkaria edo boletina ere urtetan argitaratu zen, forma eta mami diferenteekin elkartearen egoeraren eta kontestuaren arabera. Leopoldo Zugaza nekaezinak, bere aldetik, hainbat aldizkari editatu zituen gai diferentetako ikerketa bultzatzeko: Gaiak, Hegalez hegal eta Ibidem. Jose Ramon Diez-ek, berriz, historia lokala landu zuen 1981 eta 1983. urteetan: Cuadernos de Historia Duranguesa. Halako gai berezikoak izan ziren Durangoko udalak umeentzat ateratzen zuen Txipristin, eta Durangoaldeko gazte batzuek literatura umorearekin bat eginda atera zuten Txistu y Tambolíñ. Anboto bezala, informazio orokorragokoak ziren 1979-1981 bitartean argitaratu zen Ibaizabal, hurrengo urteetan udalak babestu zuen Mikeldi eta, batez ere, luzaroan iraun zuen Eraz.

Seguru izan direla ahaztu zaizkigun aspaldiko ahaleginak, eta ezin da ahaztu gaur egun argitaratzen diren Mugalari, Dot eta Durangon. Aspaldikoa da Durangoaldean komunikazioa bultzatzeko eta komunitatea eraikitzeko ahalegina. Eta ederra da gaur egun, Anboto honetan, aurrekarion asmoak hain ondo aurrera eramanda ikustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!