Durangaldeko euskara hutsezko astekarian, 2001eko urriaren 19an iragarri zen bazetorrena: —Eta... orain nora goaz? —Nora joango gara, ba, Anbotora!
Zuri kolorekoa zen orduan 1.331 metroko tontorrean dagoen aizkora, morea da 20 urte pasata han goiko postontzia.
Aldaketak iragarriz munduratu zen Anboto: egunkari paper eta tamainan argitaratuko zuten astero, eta doan. Bi hamarkada hauetan etorri dira webgunea, Facebook, Twitter, Instagram, Whatsapp, Telegram eta beste. Jaio zen astekari izateko, baina egunero sareratzen da Anboto orain.
Beste era batera esanda: oinez eta motxila beteta igotzen zen Anboto lehen, korrika eta ezer gabe gaur.
Aldaketa da arau.
Hemerotekan aurkitu ditut gure amak gordetako ume garaiko astekari zatiak, etxeko mukizuak dantzariak eta pilotariak ginenekoak. Geroagoko kontuak dira tinbrea jo eta “Anbotooo” esanez irekitzen ziren atarteak, aitak kotxez lagundutako banaketak euria egiten zuen bariku hotzetan. Banatzaile izatetik kolaboratzaile izatera gero, 10 urte igaro dira zutabeak idazteko proposamen hartatik, eta ordutik hiruzpalau aldiz aldatu dut Anbotoren harpidetza mudantzaz mudantza, eta baita urteroko 30 euroko Anboto lagun kuota batzuk ordaindu ere. Kolaboratzaile, harpide eta babesle.
Herri ekimenak sortutakoa herritarrona ere badela (sentitzen dugula)ko.
Noiz hartuko doguz kafea eta pastela ospatzeko?
Zorixonak, Anboto!