ANBOTOK 20 URTE

"Karrotxoa Anbotoz bete eta banatzera joaten ginen"

Leire Huerta Ortuoste (Hontza Museoa) 2021ko aza. 16a, 10:00

Leire Huerta Ortuoste (Hontza Museoa)

Zorionak, Anboto! 20 urte, erraz esaten da baina atzerantz begiratuta zenbat bizipen, modu batean edo bestean Anboto nire bizitzaren parte izan baita. Ondo gogoratzen ditut hasierako uneak, garai hartan banatzaile nintzen, ostiralero karrotxoa hartu eta lehen Erazekin betetzen genuena Anbotoz bete eta banatzera joaten ginen, zenbat ordu pasatuko genituen eguzki, euri, hotz eta bero, Durangon bizi zirenei Durangaldeko informazioa banatzen.

Gogoan dut txirrina jo eta “Anboto” esaten genuenean jendeak harrera ona ematen zigula, asteburuan zer egin ikusi ahal zuelako edo bere herrian zer berri izan zen irakurri ahal zuelako. Honekin batera Igorrek eta nik San Faustoetan Anbotoko txosna ere hainbat urtez antolatu genuen. Lan gogorra izaten zen, aurretik dena lotuta utzi behar genuen eta ondoren jaien eguneroko martxa kontrolatu. Bata zein bestea beharrezko lana, Durangaldearentzat eta euskaldunontzat hain baliotsua den Anbotori bultzada eman eta aurrera egiten laguntzeko. Gazte ginen gazte. Urteak pasatu dira etapa hartatik eta orain gu gara ostiralero gure tokia hartu duten gazteengandik gure etxean Anboto jasotzen dugunak. Hontza Museoko zuzendari modura ere eskerrak eman behar dizkiogu Anbotori, beti hor daudelako behar ditugunean gure behin-behineko erakusketa, dohaintzak edo bestelako albisteak ditugunean irakurleen eskura jartzen dituelako. Urteak betetzen jarraitzea opa dizuet, euskaldunok kalitateko astekari bat irakurtzeko aukera izaten jarraitzeko eta gure seme-alabak ere irakurle bihurtzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!