Gogoan dut gurean ere egin genuela asteroko alea jasotzeko harpidetza. Baserri auzo batean bizitzeak alea ostiralean jaso beharrean, igande edo astelehenean jasotzea zekarren eta dakar, baina gustura asko irakurri izan dugu beti. Anbotoren ale idatziaren ezaugarri nagusia ez baita sekula izan azken orduko informazioa ematea, irakurleari zerbait desberdina eskaintzea baizik: eskualdeko jendeari egindako elkarrizketak, sakon garatutako berriak, iritzi-artikuluak, eta abar. Gu ta gutarrak musika taldeak honakoa abesten zuen: “zintzoa banaiz nik ez dakit zer eskatzen duen herriak, notiziak ala berriak”. Bada, ale idatzian datozkigunak notiziak direla esango nuke.
Eskualdean lan bikaina betetzen eta ezinbesteko papera jokatzen duen hedabidea dugu Anboto. Gure ingurukoak, gure hizkuntzan. Eta horixe da euskarak behar duena, tokian tokikoa lantzen duen hedabide euskalduna, hurbilekoa zaigun hori gure hizkuntzan ematen diguna. Bide horretatik soilik egingo baitiegu aurre parean dauzkagun makro-hizkuntzei, mikrotik, baina ekinez.