Etxea aldatu duenak lurra behar du. Eskukada betean atzamarren artetik ihes egiten dion hondarra usaindu. Ezagutu oinak non jarriko dituen, eta putzuak eta lohiak aukeratu, herririk herri eta tolesduraz tolesdura.
Etxea aldatu duenak herria behar du, saguzarrena ere badena, Kioseko kanpamentuan hamabost egun egin dituen erizainarena, taupada eta memoria diren emakumeena, umeentzako literatura ilustratzen duenarena.
Etxea aldatu duenak auzoa behar du. Erosketak egin ditu eta amantala jantzi. Barazkiak txikitu bitartean gatzaren potean azken aleak ikusi ditu. Txirrina jo dio bigarren eskumako Juliani, eta katilu bete itzuli da. Baldosetan ura lurrun. Zapatuan ez daki zer egingo duen; mendiko merkatu txikira joango den, gaztañerrera, Sahararako elikagai bilketara arroza eta konpresak eramatera, Sugarri fanfarrea entzutera, edo Altsasu antzezlana ikustera joango ote den.
Etxea aldatu duenak etxea behar du. Konfiantzazko eremua. Atea zabalik duena eta leihoetatik herria ageri zaiona. Eraikinaren aurrealdeko paretetan herritarren joan-etorriak grafiteatzen dituena. Barruko patioan, iraganeko arrastoen, gaurko berben, etorkizuneko haizeen oihartzuna gordetzen duena.