20 urte atzera eginez, gogoan dut Elorrioko Berriketan euskara taldean Durangaldeko egitasmo berria zetorrela-eta egiten genituen batzarrak. Gehien erabiltzen ziren berbak: gertutasuna, tokian tokiko informazioa, eta euskaraz informatuak izateko eskubidea. Urteak pasatu eta gero, nik komunitatea eta saretzea gehituko nituzke. Izan ere, argi dut Anbotori esker Durangaldeko euskaldunen komunitatea trinkotu eta saretu egin dela. Are gehiago, esango nuke indartu ere egin dela: asko dira euskaraz irakurtzeko ohitura Anboto irakurtzen hartu dutenak, edota euskara ozta-ozta jakinda gutxienez begirada botatzen diotenak aldizkariari, ea ezagutzen duten norbait agertzen den!
Ospakizun egunak ditu aldizkariak, ze, duda barik, badago zer ospatu. Zorionak, beraz, Anbotoko komunitate guztiari!