ANBOTOK 20 URTE

Badakigu-eta arrain txikiei nola kostatzen zaien handiagoen artean bidea egitea

Eneko Boveda Altube (Futbol jokalaria) 2021ko aza. 12a, 10:00

Eneko Boveda Altube (Futbol jokalaria)

Badira lau urte Durango utzi genuenetik, eta ezin esan dezaket txarto bizi garenik edo itzultzeko irrikitan gaudenik. Lagunak egin ditugu, jendea ezagutu, ohitura berrietara egokitu eta erronka desberdinak aurrera ateratzen saiatzeak ematen duen indarraz gozatu. Internazionalak egin gara eta mundura zabaltzeak aberastu egin gaituelakoan gaude. Ingelesarekin adiskidetu nahian gabiltza, gure garunaren zurruntasunaren aurka.

Baina larunbatetan EtbSat-en bitartez pilota partidak irrikaz ikusten ditut, edo Bigarren B Mailako futbola. Lagunen wasap taldeak erdi irribarrez irakurri; eta Larnakan, etxetik lau mila kilometrora, Arrasateko familia batekin topo egin eta… a zer gozatua!

Parisekin amesten dugu, New Yorkekin ez bada. Viral abizenarekin datozen albisteez hitz egin. Halloween urtero pixka bat luzeagoa bihurtu zaigu (urriaren hasieran prest geneukan kalabaza gaixoa, pentsa bere patua). Ematen du mundua eta distantziak inoiz baino txikiagoak direla. Euskaldunok, ostera, izaten dugu gauza benetan txikientzako gure bihotzaren zati bat gordeta, badakigu-eta arrain txikiei nola kostatzen zaien handiagoen artean bidea egitea. Dela etxe ondoko taberna, dela mendi-txangoa, baserriko tomateak, udazkeneko zaparradak, herriko jaiak… eta euskera. Bide horretan darrai Anbotok, bere txikitasunean tinko eusten eta hurbilekoa urrundu eta gal ez dadin ahalegintzen. Auzokoen berri izatea eta ondokoak ezagutzea ere aberasgarria delako.

Zorionak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!