Eskualdeko berriak euskara hutsez kontatzen dituen proiektu bakarra dugu, zaindu eta bultzatu beharreko altxorra. Zenbat sortzaile ezagutu ditudan berari esker, zenbat pertsona interesgarriren ibilbide eta bizipenak irakurri ditudan, zenbat bider pista galdua nien ezagunen berri izan dudan bere orrialdeetan, erreportaje itzelez ere gozatu ahal izan dut…
Eraz-i erreleboa hartuta 20 urtez eskualdearen berri emateaz gain, euskalgintza eta herri mugimenduen aliatu bezala bizi izan dut berarekiko harremana. Gaztetatik hainbat istoriotan eta batez ere euskalgintzan aritu naizen honek, Anbototarrekin elkarlanaz eta konplizitateaz gozatzeko aukera izan dut. Euskalgintza bilguneetan, bihotzeko Plateruenaren inguruan, jaietan txosnetan eta gure karpa kuttunean… ederki pasa dugu elkarrekin lan asko egitetik aparte.
Hain azkar doan mundu globalizatu honen aurrean eta aspaldian euskarak jasotzen dituen erasoen parean euskaltzaleok tinko mantendu beharra dugu. Asko da aurreratutakoa, baina asko dago egiteko. Euskarazko komunikabideak kontsumitzea eta bultzatzea da euskaltzaleok egin dezakegun gutxienekoa. Euskara erdigunera! Anboto… urte askotarako!