ANBOTOK 20 URTE

"Marka"

Maite Berriozabal Berrizbeitia (Euskaltzalea) 2021ko aza. 14a, 10:00

Maite Berriozabal Berrizbeitia (Euskaltzalea)

Beltzune bat bekokian eta beste bat masail inguruan. Ezezagunen artean zabiltzan bitartean inork ez dizu ezer esango, baina baten batek begiaren ertzetik begiratuko dizu. Ezaguna izateaz gain, apur bat ezagutzen zaituen norbaitekin egingo duzu topo handik gutxira eta aurrez aurre begiratuko dizu. Begi gaina okertu eta galdetuko dizu: - Zertan ibili zara? Aurpegia belztuta duzu. Zuk erdi lotsaz eta erdi harrituta erantzungo diozu: - Nik? Aurpegian? Zer daukat, ba?. Sakelakoa atera eta pareko kamera isiotuko duzu. Irribarre txiki bat marraztuko zaizu aurpegian; badakizu, eskuekin zikindu duzu aurpegia.

Eskuak egunkari papera duen astekariarekin zikindu dituzula pentsatu duzu. Sareetan ere irakurtzen duzu haren berririk, baina papera gustuko duzu. Ezagun zaizkizu hango berrietako pertsonak eta inguruak; hurrekoek kontatutako hurbileko kontuak aurkitzen dituzu bertan. Sakelako pantailari atzamar potoloarekin gorantz egin ahala borobil magenta bat agertzen denero geldialditxoa egiten duzu. Paperean ere geldialditxoak egiten dituzu orriz orri, eta ohartu barik eskuak belzten zaizkizu.

Eskuetako markei begira ari zarela pentsatu duzu aldean daramazula Anbotok uzten dizun marka. Eskualdeko kontuak euskaraz kontatzen dizkizun hori zeurea ere sentitzen duzu. Urteotan, zure begi eta eskuekin 870 ale aletu dituzula pentsatu duzu, eta ez da marka makala! Zorionak, Anbotogile eta Anbotozale guztiei. Jarrai dezagun gure marka gu geu izaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!