Ohartu orduko 20 urte igaro dira Anbotok Eraz aldizkariari lekukoa hartu eta lehen alea plazaratu zuenetik. Paperean hasieran, digitalki ere ondoren, esan dezaket kontziente naizenetik izan dudala Anboto astekaria bidelagun. Gertuko informazioa Euskaraz eskainiz, inguruko albisteen berri emanez, herrikideen proiektu zein ekintzei zabalkundea emanez, Anboto komunitatearen bitartez herritarren ahotsa bermatuz… eta, batez ere, 20 urtez Euskara erdigunean jarriz, gure ingurua eta ingurukoak ezagutzera emanez, txikitik eta txikitasunetik eraginez.
Astekaritik gogokoen dudana gertukoen proiektu eta afizioen berri jakitea da. Are gehiago, kultur proiektu edo sorkuntzen inguruko informazioa denean. Anbotori esker izan dut inguruko artista eta sortzaile askoren berri, haien proiektu, ideia eta ekitaldien inguruan. Gertukoak izan arren, askotan nekez ezagutzen dugu elkar, eta Anbotok bide luzea darama zerbait kontatzeko duen orori boza ematen.
Euskaraz, gertutasunez, mimoz eta profesionaltasunez bidea egiten jarrai dezazula.
Urte askotarako! Biba Anboto!