Ezagutzeaz batera asko eta asko harpidetuta geratu ginen. Barikuak ez lirateke berdinak izango zu barik. Bisitan etortzen ez zaren astean hutsune handia nabaritzen dugu gurean, etxean, euskaltegian…non ez! Urteak joan urteak etorri, gure bizitzako beste bat zara; oso beharrezkoa, bizi-bizia. Zenbat laguntzen diguzun, maitea! Gure komunitateak ezingo luke aurrera egin zulako barik.
Badakit ardura handia dela gazte batentzat Durangaldeko euskaraz jarduteko komunikabide bakarra izatea. Bai, arrazoi duzu, askotan bakar-bakarrik sentitzen zara hainbeste egitekoren aurrean, baina ez etsi. Eutsi gogor! Horregatik, zure 20. urtebetetzean denon indarrak batu, ikasle, irakasle, euskaltzale oro eta denok hauspotuko zaitugu ale eder bakar horrek merezi dituen laguntza, babesa eta bizitza eduki ditzan.
Zorionak, Anboto! Bizitza ona eta luzea opa dizut.
20 urte barru berriro ere zure izenean topa egin dezagun desioan, besarkada handi bat, laztana.