ANBOTOK 20 URTE

"Anbotok harreman berezia du DRTgaz"

Aratz Gallastegi Sodupe (DRT) 2021ko aza. 15a, 10:00

Aratz Gallastegi Sodupe (DRT)

2008. urteko abuztuan Durango Rugby Taldera heldu nintzen eta orduan ezagutu nuen Durangoko txoko desberdinetan Anboto astekaria. Ordutik, eta lehenagotik ere, Anbotok eta Anbotoko pertsonek harreman berezia izan dute Durango Rugby Taldearekin.

Beti klubari leku bat eskaintzeko prest, partiduak direla, txapelketak direla, gizarte ekimenak direla, urteurrenak direla eta abar amaiezin bat. Baina gaurko urteurren mezu hau Durango, Durangaldea eta Euskal Herri osoko euskararen egoeraren ingurukoa izatea nahi dut. Kezkatuta ikusten dut, urtetik urtera, euskara Durangoko kaleetatik desagertzen ari dela. 2008. urte hartan, Durango nagusiki eremu euskalduna zela sinetsita nengoen, gaur egun zalantzak ditut. Durangaldeaz eta Euskal Herriaz antzerako iritzia dut. Horrelakoetan gizartearen gain jartzen da desagertzearen ardura, hau da, jendeak erabiltzen ez duelako desagertzeko bidean dagoenaren ardura. Baina niri beste galdera batzuk datozkit burura; euskara maite dutela adierazten duten instituzio, agintari, politikari eta abar luze desberdinek zergatik ez dituzte euskararen erabilera eta biziraupena bermatuko dituzten lege eta arauak ezartzen? Zergatik ardura nagusia gizartearen gain utzi aipatutako hauek guztiak lege, arau eta abarren bitartez, eraginkorragoak izan daitezkeen erremintak dituztenean? Euskararen inguruan marketing eta publizitate kanpaina gehiegi ikusten ditut, eta lege, arau gutxiegi.

Norbera bere arduraz jabetu dadila.

Aupada handi bat Anboto astekariari eta kalean jarraitzeko lanean diharduten pertsona guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!