ANBOTOK 20 URTE

“Demokraziak kazetaritza behar du propagandaren gainetik, kontrastea diskurtso bakarrari kontra egiteko”

Joseba Derteano 2021ko aza. 14a, 10:00

Tokiko hedabideen artean erreferente da Debagoienako Goiena komunikazio taldea. Telebista, papera eta irratia uztartzen dituen egiturak  20 urte bete ditu, ANBOTOk legez. Iban Arantzabalekin hitz egin dugu, Goiena komunikazio taldeko zuzendaria eta Tokikom euskarazko tokiko hedabideen bateraguneko presidentea

ANBOTOk 20 urte egin ditu. Zer datorkizu burura?
Datorkit Eraz, Berbaro eta Plateruena. Datozkit Anbototik pasatutako lankideak, eta daudenak. Anbotok lortu du euskarazko eskualde-prentsa nor izatea Durangaldean.

Zelan baloratzen duzu ANBOTOren ibilbidea?
Emankorra da. Salto kualitatibo eta kuantitatiboa egin du Anbotok. Euskara jarri du informatzeko ohituretan. Askotan ahaztu egiten dugu, baina kazetaritza beharrezkoa da Durangalde egituratuago, gardenago eta eraginkor baterako.

Goiena ere urteurrena ospatzen dabil. Zer antolatzen zabiltzate?
Komunitatea indartzea erabaki dugu. Ikasi dugu kazetaritza ez dela informazioa ematea bakarrik. Goienakide gehiago egiten eta haiek mimatzen dihardugu orain.

Durangaldetik Goienaren proiektua erreferentzia lez hartzen dugu. Zeintzuk dira Goienaren erreferentziak?
Anboto, esaterako. Tokikomeko 76 toki komunikabideetako bakoitzetik dago zer ikasi. 200 lankide daude Tokikomen, eta sorkuntza etenbako horretan beti daude "kanapeak". Bestalde, Goienatik urteetan jarraitu diegu, esaterako, ideia hauei: Guardian Media Group-etik ulertu dugu enpresa multimedia ezin dela gerontokratikoa izan eta ezin duela hedabiderik zaharrena gurtu: papera. Edo Roy Greensladeri irakurri genion kazetaritzak kultura berriak bere izan behar dituela: erreminten integrazioa, espazioena, lan metodoena eta hedabide bakoitzaren hizkuntzarena; The Daily Telegraph-en konbergentzia prozesu bat behar genuela ulertu genuen, eta astiro egin beharrekoa, gutxienez lau gai landuz: teknologia, enpresa, profesionaltasuna eta editoriala; The New York Times-ek marka globala nola egin duen edo erredakzio integratuen garrantzia estratagema enpresarialaren ikuspuntutik; El Diario-ren bazkidetza eredua; BBCren lana tokikoak eta demokrazia lotuz; katalanen egituretatik ikasi...

Hedabideen mundua ziztu bizian aldatzen dabil. Zeintzuk dira tokikoen erronkak?
Anbizioa, ez erortzea bertan-goxo ereduetan: irakurleak irabazteko eta lehendik daudenak asetzeko. Entzuten ditut iritzi batzuk kantitateei pisua kentzen. Ez nago ados. Euskarazko komunikaziora ahalik eta lagunik gehien erakarri behar ditugu, eta gero eutsi. Estatistikak kudeatu.

Erronkak bi arlotan banatuko nituzke: kudeaketakoak eta edukietakoak.  Kudeaketakoei dagokienez: kidetzak landu beharko ditugu; pertsonalizazioa edukietan eta zerbitzuetan; hasita gaude inteligentzia artifiziala erabiltzen gure prozesuetan eta horretan sakondu behar dugu; Whatsapp, Facebook, Amazon... gure lagunak ez direla onartu eta burujabetza teknologikoan sakondu. Teknofeudalismoa arriskutsua da.

Edukiei dagokienez: sinesgarritasuna da erronka, eta, horretarako, inpartzialtasuna behar beharrezkoa da. Badakigu ez dagoela objektiboa edo neutrala den kazetaritzarik, baina ezin dugu objektibitatearen bila jardun barik lan egingo duen kazetaritza bultzatu. Ahalegin hori zor diogu gure komunitate zabalari. Mundu mailako komunikazio profesionalei egindako galdeketa handi batean, %88k diote inpartzialtasuna izango dela gakoa hurrengo urteetan. Arriskua ikusten dut tokikoetan ere. Udalak, esaterako, hasi dira folletoiak ateratzen, alkatearen bideoak egiten, multinazionalen sare sozialak erabiltzen alde bakarreko mezuak emateko... eta kontuz! hor ez dago kazetaritzarik. Demokraziak kazetaritza behar du propagandaren gainetik, kontrastea diskurtso bakarrari kontra egiteko. Askotariko iritziak batu behar ditugu, zuen eskualdeko Sarrionandiak dioen moduan: "Norberaren egiak besteenekin osatzen dira; besteen ikuspegiak isilduz eta desitxuratuz ez dago gizarte osasunik"

Pandemian tokiko hedabideon kontsumoa asko hazi zen. Zein interpretazio egiten duzu?
Beharrarekin lotuta dago. Zerbitzuak zeintzuk diren, herriko kutsatu kopurua... Pandemia global bati ere hartzen zaio neurria lokalean. Erabiltzaile kopuruek goia jo zuten, bai Anboton eta bai beste toki hedabideetan. Erakundeetako publizitateaz arduratzen direnek ikusi ez dutena ikusi dute herritarrek.

Gaur bertan, Tokikom jardunaldiak. Zein gaitan ipiniko duzue azpimarra?
Batetik, formakuntza jasoko dugu BBC, Het Belang van Limburg eta El diario-ko profesionalengandik. Eta kazetaritza ona ageriko egiteko banatuko dira sariak, izan ere, Euskal Herrian, gaur, kazetaritza ona egiten da tokikoetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!