ANBOTOK 20 URTE

“Durangalderako euskarazko erreferentziazko proiektu bat sortzea zen asmoa”

Maialen Zuazubiskar 2021ko aza. 12a, 12:00

Martitzenean, azaroak 9, 20 urte bete ziren ANBOTOren lehenengo alea kaleratu zela. Juan Luis Erzilla Alberdi durangarra ANBOTOren sortzaileetariko bat eta Idurre Maortua Aiarzaguena zaldibartarra lehenengo kudeatzailea izan ziren.

20 urte joan dira ANBOTO sortu zenutela. Zelan gogoratzen dituzue urte haiek?
Juan Luis Erzilla: Anboto sortu baino urte batzuk lehenago, Berbaroko presidente izateko deitu zidaten. Ordurako, Eraz aldizkaria martxan zegoen. Erazeko lantaldeak oso lan ona egiten zuen, ideia onak zituen, baina formatu aldetik ez zen bideragarria.

Idurre Maortua: Aldaketa guztiek sortzen dituzte erresistentziak, eta Anbotoren sorrerak ere izan zituen. Egiteko moduetan aldaketa bat proposatzen zen. Behin erabakia hartuta, determinazioa behar izaten da aurrera egiteko. Seguruenik gaur denbora gehiago emango genion prozesuari, taldearen kohesio handiagoa lortzeko. Ez da erraza asmatzea. Proiektuaren mesedetan egin genuen, eta, zorionez, egitasmoak bere bidea egin du.
Proiektuari dagokionez, hasieratik helburu argi bat zuen. Durangalderako euskarazko erreferentziazko proiektu bat sortzea zen asmoa, komunikabideek saretzea lortzen dutelako. Gainera, erronka handi bat zegoen: euskaraz irakurtzera ohituta zegoen jendearentzat eta ez zegoenarentzat irakurterraza zen komunikabide bat sortzea. Hor Xabier Amurizak lan itzela egin zuen eta lehenengo estilo liburua sortu zuen.
Bestalde, aurrera egiteko, Goienaren proiektua hartu genuen erreferentziatzat. Debagoienan euskara elkarteek garai loriatsu bat bizi zuten eta proiektu hark indar handia zuen. Orduan, Joxe Aranzabalegaz hainbat batzar egin genuen eta hainbat gako eman zigun gure proiektua bideragarria izateko. Esaterako, Durangaldeko ikuspegia gehiago lantzea zen helburuetariko bat; baita proiektuak zabalkunde handiago bat izatea ere. Horretarako, 10.000 harpidedunetara heltzea ipini genuen helburu. Gainera, urratsak eman ziren Otxandiora eta Zornotzara ere zabaltzeko proiektua. Guretzat garrantzitsua zen harpidedun kopuru horretara heltzea, nahiz eta dohainik izan, azkenean zenbat eta zabalkunde handiagoa eduki sinesgarritasun handiagoa izango genuen, bai udaletatik diru laguntzak lortzeko, baita publizitate arloan bezeroak lortzeko ere.

Orduan, ANBOTO sortu zenuten.
J. L. E.: Sasoi hartan, kudeatzaile bat behar zen proiektua aurrera ateratzeko, gestioen ezagutza minimo bat zuen pertsona bat. Hainbat lan-elkarrizketa egin genuen, eta, halako batean, Idurre agertu zen. Idurre ikusi nuenean neure buruari esan nion: "Hamen dxatok gure salbaziñue!". Eta horrela izan zen, Idurre izan zen proiektuaren gestioa ulertu zuena, ANBOTOren salbatzailea.
Orduan, kolaboratzaile sare handitxo bategaz ipini zen martxan proiektua. Herri guztietan kolaboratzaileren bat geneukan. Baina ez geneukan banatzailerik, eta ni neu hasi nintzen banatzaile lanetan, neure kotxeagaz.

Nola gogoratzen dituzue hasierako urte haiek?
I.M.: Nire lehenengo lana izan zen, eta gerora beti pentsatu izan dut pertsonalki itzelezko eskola izan zela. Hor elkartu ginen alde batetik jende gazte eta indartsua; gaztetasun horrek ezer galtzeko beldurrik eza ematen du. Beste alde batetik, Juan Luisen moduko jende esperientziaduna zegoen. Lantalde polita elkartu ginen, ilusio handia genuen eta Berbaro taldearen babesa geneukan. Hori ezinbestekoa zen. Horrez gainera, Berbarok egituratxo bat ere bazuen, eta hori garrantzitsua izan zen.
Gogoan dut hasierako urte haietan denerik egitea egokitu zitzaigula: herrietan aurkezpenak egitea, udalekin hartu-emanean egotea, bideragarritasun planak egitea...  Hori eskola inportante bat izan zen niretzat. 

J. L. E.: Sasoi polita izan zen, baina gogorra ere bai. Hainbat proiektu genuen buruan, eta batzuk bidean geratu ziren, nahiz eta ahalegina egin genuen aurrera ateratzeko. 

Itxaroten zenuten proiektuak horrenbeste irautea?
J. L. E.:
Nik neuk konfiantza handia nuen, banekien-eta esku honetan zegoena. Behin txori txikia hegaz hasita, txori handi bihurtu da.

I.M.: Proiektuan sinesten genuen. Gainera, bazuen ibilbide bat eginda, bai Berbarotik baita Erazetik ere. Proiektuak bazuen ameslari puntu bat, baina Juan Luisek hankak lurrean izaten eta aurrera egiten lagundu zigun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!