ANBOTOren sorrera gogoratzeko, Jone Guenetxea zuzendariak Eraz aldizkariak aurretik egindako lana azpimarratu du: "Durangaldean bazegoen euskarazko tokiko informazioa kontsumitzeko tradizioa, eta hori Erazi eskerrak izan zen". Debagoienako komunikabideen ereduari jarraituta, ANBOTOgaz irakurle gehiagorengana heldu gura zuten, doako hedabidea sortuta. Aldizkari formatutik egunkari papererako jauzia eman zuten. "Sasoi hartan, euskara elkarte asko zegoen Durangaldean, eta talde horiek izan ziren proiektuaren bultzatzaileak. Euskara eta feminismoa erdigunean ipintzea hasieratik izan dugu argi", dio Guenetxeak.
Hamarkada bitan, hedabideen jarduna goitik behera aldatu da. "Gu paperetik gatoz eta webgunea martxan ipini genuenean, hedabide bien bidea uztartzea kosta egin zitzaigun. Harrezkero, batez ere azken hamarkadan, ikus-entzunezkoen eta sare sozialen aro digitalak dena aldatu du.
Sare sozialen sasoia
Aro digitalak hedabideen ekoizpenean eta kontsumoan eragin du azken urteotan. Informazioa mugikorretik eta sare sozialen bitartez heltzeak kontsumo ohiturak aldatu ditu. "Irakurleek zein informazio jaso gura dute webgunean? Eta paperean? Argi dugu webgunea ezin dela papereko albisteen biltegi huts bat izan. Horregaitik, gure komunitateko hainbat pertsonaren laguntzagaz focus group bat egin genuen. Konturatu ginen papera elkarrizketa eta albiste sakonagoak irakurtzeko izan zitekeela, eta webgunea, ostera, momentuko aktualitaterako", adierazi du Guenetxeak. Horrela, Durangaldeko aktualitatea urteko 365 egunetan lantzeko apustua egin zuen ANBOTOk. "Durangaldean erreferente izateko, webgunean momentuko berriak gertatzen ziren unean landu behar genituela erabaki genuen. Eta, horretarako, uneoro erredakzioa martxan izan behar genuela", gaineratu du. Webguneko audientzien estatistikek erakutsi dute erabaki egokia izan zela.
Pandemiako datuak
0 kilometroari buruzko kontzeptua sarritan entzuten da elikaduraren edo artisautzaren arloan. Baina informazioa jasotzerakoan ere, bertatik bertara lantzen den tokiko informazioa 0 kilometrokoa da. Bertakoek bertako ikuspuntuagaz lantzen dituzten gaiak dira.
Pandemia sasoian, euskarazko hedabideek, baita ANBOTOk ere, bikoiztu egin dituzte webguneetako audientzien datuak. "Euskarazko tokiko hedabideok lan handia egin dugu gure komunitateak kalitatezko informazioa jaso zezan konfinamendu sasoian. Erantzuna itzela izan da. ANBOTOk, esate baterako, bikoiztu egin zuen bere audientzia. Jendeak bere inguru hurbilean zer gertatzen zebilen jakin gura zuen. Gainera, jasotzen zebiltzan informazio uholdearen aurrean tokiko euskarazko hedabideok dugun sinesgarritasunak indarra hartu du. Oso eskertuta gaude gure lanak izan duen erantzunagaz", azaldu du Maialen Zuazubiskar anboto.org webguneko arduradunak.
Urteurren berezia
20 urte ez dira egunero betetzen. Horregaitik, ANBOTOko lantaldeak bere komunitateagaz ospatu gura du. "Gustatuko litzaiguke ospakizunen bat antolatzea Plateruenean, aurrekoetan egin izan dugun moduan. Baina aurten ezin izan dugunez, beste modu batera egitea pentsatu dugu", azaldu du Guenetxea zuzendariak. Bideo bat grabatu dute ANBOTOren papereko ale bat Iurretako bulegotik Anboto mendiaren tontorrera eramaten, eskurik esku, hainbat kolaboratzaileren laguntzagaz. "Bideo honen bitartez, babesten gaituen komunitatea islatu gura izan dugu: lantaldea, irakurleak, babesleak, kolaboratzaileak... Denon artean sortzen dugu ANBOTO", dio Guenetxeak.