Joseba Sarrionandiak eta Peru Magdalenak lan berriak aurkeztu dituzte

Anboto 2021ko aza. 3a, 08:32
Karmele Gorroño, Joseba Sarrionandia, Mikel Valverde eta Peru Magdalena

Ikaselkarren Kuku! emozio bildumaren ale berri bana osatu dute Sarrionandiak eta Magdalenak. Tristura du abiapuntu Sarrionandiak Irrimarrak elkartearekin batera sortu duen album ilustratuak; Magdalenak, ostera, nazkaren inguruko liburua osatu du Mikel Valverde ilustratzaileagaz batera. 

Kuku! bildumagaz bi urtetik gorako haurrekin oinarrizko emozioak lantzeko baliabide sorta eskaini gura du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak. Oinarrizko sei emozioak lantzeko -haserrea, sorpresa, poza, beldurra, tristura eta nazka-, ipuin bana aurkituko du irakurleak bilduman. 

"Ondoez bare eta iraunkor" lez definitu dute tristura egileek aurkezpenean. "Nahigabeak har dezake edozeinen gogoa oharkabean. Baina badago norbait hemen lagunari bizipozaz eta alaitasunaz hitz egiteko". Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak Irrimarra elkartea osatzen duten Irene Iruretagaz eta Karmele Gorroñogaz batera sortu du Tristura. Peru Magdalenak, ostera, nazka abiapuntu duen liburua osatu du Mikel Valverde ilustratzaile gasteiztarrarekin batera.  

Bi liburu ilustratu hauekin batera, ondorengo albumek osatzen dute Kuku! bilduma: Agurtzane Ortiz eta Enrique Morenteren Sorpresa!; Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren Haserrea; Karmele Jaio eta Mikel Casalen Putz egin eta ikusiko duzu; eta Maite Mutuberriaren Irrimola

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!