Durangaldeko EH Bilduk argindar enpresa handien kontrako itzalaldira deitu du

Anboto 2021ko urr. 6a, 19:25

Herritarrak deitu dituzte barikuan 22:00etatik 22:30era bitartean kalera irten, etxeko elektrizitate sarea amatatu eta lapikoa jotzera.

Durangaldeko EH Billduk "oligopolio elektrikoetatik deskonektatzeko" deia egin du. Hori dela eta, bat egin du Kataluniako, Galiziako eta Espainiar estatuko beste hainbat indar subiranistek deitutako mobilizazioekin. EH Bilduren arabera, herritarrek "urteak" daramatzate "oligopolio elektrikoak inposatzen" dituen "argindarraren ordain agiriak" jasaten, eta horren adibide modura ipini dute azken aste hauetako gorakada. Koalizio subiranistak dio azkenaldian "etengabe" ari dela garestitzen argindarraren prezioa, eta badirudiela "inor dez dela gai" joera hori kontrolatzeko. Horregatik guztiagatik, herritarrak deitu dituzte barikuan, 22:00etik 22:30era bitartean, kalera irten, etxeko gailuen itzalaldia egin eta lapikoak jotzera.

Egitasmorako atxikimenduak www.deskonektatu.eus web orriaren bidez ari dira jasotzen. Bestalde, koalizioak jakinarazi du Durangoko, Izurtzako, Mañariko eta Otxandioko Udalek bat egingo dutela itzaldiarekin, eta hainbat herritako eraikin publikoak amatatuko dituztela "sinbolikoki". Elkarretaratzeak ere deitu dituzte, herririk herri. Adibidez, Zornotzan, Zaldibarren, Atxondon eta Elorrion.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!