Jaurlaritzak bertan behera utzi du osasun larrialdia

Anboto 2021ko urr. 5a, 17:14

LABIren Aholku Batzordeak gaur arratsaldean egindako batzarraren ostean egin du iragarpena Iñigo Urkullu lehendakariak.

"LABI osasun larrialdiko egoerari amaiera emango dion dekretuaren alde dago. Beraz, ostegunetik aurrera osasun zaintza berria irekiko dugu", esanez hasi du agerraldia Urkulluk. Erabaki hori hartzeko batzorde zientifiko-teknikoaren gomendioak hartu dituzte kontutan eta batzorde horren azken irispena irakurri du. "COVID 19aren eraginak, eragin kritikoa izateari uzten dio osasun sistemaren funtzionamenduan. Tratamendua une honetan eta gure egoeran endemikotzat har daiteke. Horrek esan nahi du infekzio kopurua nahiko konstante bihurtzen dela denboran zehar nahiz eta noizbehinkako agerraldiak egon daitezkeen". 

Dekretua ostegunean sartuko da indarrean. Egoera berrian, indargabetuta geratuko dira pandemiari aurre egiteko murrizketarik gehienak. "Beti ere estatu mailan bere eskuduntzen arabera ezarritakoak bete beharra izango delarik", zehaztu du Urkulluk. Horrela, ostegunetik aurrera oinarrizko prebentzio neurri batzuek indarrean jarraituko dute eta orain neurri horiek osasun sailburuaren agindu batez ezarriko dira. 

Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan %80ko mugari eutsiko diote. Era berean, indarrean jarraituko du maskara erabili beharrak barnealdeetan eta baita kanpoaldeetan ere, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.

Osasun-larrialdiko egoerari amaiera jarri diotenez, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana desaktibatzea ere erabaki dute. 2020ko abuztutik zegoen aktibatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!