"Taldea osorik izan dugunetan oso ondo ibili gara, baina une batzuetan ia ziklistarik barik ere egon gara"

Joseba Derteano 2021ko urr. 1a, 09:30

Denboraldia amaitzear dagoen honetan, Agurtzane Elorriaga (Iurreta, 1978) Bizkaia-Durangoko zuzendariak urtearen errepasoa egin du. Emaitza azpimarragarriak lortu dituzte eta ematen du etorkizunari itxaropentsu begiratzeko zimendu sendoko taldea dutela. Baina sufrimendu handiko urtea ere izan dela onartu du Elorriagak, batez ere Giro Arrosan txirrindulari batek ez beste guztiek COVID proban positibo eman zutenetik aurrera.

Denboraldia indartsu hasi zenuten, Valentziako Itzulian garaipen bategaz, Sandra Alonsoren eskutik. 
Gogo handia genuen Valentziako Itzulian parte hartzeko, Sandra Alonso bertakoa delako. Torreviejan bizi da. Etapak oso ondo prestatu zituen, eta gogotsu eta sasoi puntu onean zegoen. Garaipeneko egun hartan, nahiko aldats handia zegoen helmugaren aurretik, eta, sarritan, esprinterrak eskas ibiltzen dira aldats gora, baina Sandrak aurrekoekin batera igaro zuen, beste esprinter batzuk atzean geratzen ziren bitartean. "Irabazteko aukerak ditugu", esanez animatu nituen gureak. Geratzen zirenen artean, bagenekien bera zela arinenetarikoa. Hori ez da beti garaipenaren sinonimo, baina oso esprint ona egin zuen. Gainera, World Tourreko taldeen artean gu txikiak garenez, jende asko poztu zen gure garaipenagaz eta zorion mezu asko jaso genuen. Oso une polita izan zen. Beste lasterketa batean, Nadine Gil ihes eginda ibili zen eta azken unean harrapatu zuten. Gainera, Lucia González eta Nadine Gil oso aurrean geratu ziren sailkapen nagusian, 25 onenen artean gutxigorabehera.

Meritu handiko garaipena da, munduko talderik onenetarikoek parte hartzen zutela kontuan hartuta. 
Bai, eta ez da izan emaitza on bakarra. World Tour mailako Burgosko Itzulian bosgarren postu bat lortu genuen eta Belgikako klasikoetan Top 10ak lortu ditugu. Nazioartean aspaldiko urteetako emaitzarik onenak lortu ditugu. Alde horretatik, aurrerapauso bat eman dugu. 

Unerik gozoenetik garratzenera. Giro Arrosan, urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoan, etxerako bidea hartu behar izan zenuten COVID kasuengaitik. 
Horrela da, bai. Hamar egunen barruan hiru PCR proba egin zituzten gure ziklista guztiek eta baita taldeko gainerako kideek ere. Hara ondo joan ginen. Gero, etapa batean gure taldeko lau txirrindulari denboraz kanpora heldu eta lasterketatik kanpora geratu ziren. Orduan, oraindino ez genekien zerk eragin zuen hain errendimendu baxua. Etxera bidean, euretariko batek esan zuen txarto sentitzen zela. Etxera heltzean, beste proba bat egin eta positibo eman zuen. Besteoi abisatu eta Giroa utzi genuen. Probak eginda, ziklista bat izan ezik beste guztiak kutsatuta zeudela jakin genuen. Hortxe zegoen txirrindularien errendimendu eskasaren arrazoia. Behintzat, konfinamendua etxean egiteko aukera izan genuen.

Une gogorra izango zen zuentzat. Zelan gogoratzen duzu?
Tentsio eta ardura handiko une desatseginak izan ziren. Baina, tira, denetatik ikasten da eta ez dago besterik egoera onartu eta aurrera egitea baino. Horixe egin genuen.

Beraz, denboraldi gorabeheratsua izan da.
Aurtengo denboraldian gauza onak eta txarrak gertatu zaizkigu. Gorabehera handiak izan ditugu. Giroan gertatu zenaz gainera, txirrindulari batzuek lesioak ere izan dituzte. Taldea osorik egon denetan oso ondo ibili gara, baina une batzuetan ia ziklistarik barik egon gara. Esaterako, Nafarroako klasika bitan ezin izan genuen parte hartu eta Italiako beste biri ere ezetz esan behar izan diegu. Alde horretatik, denboraldi gogorra izan da. Txanponaren alde biak egokitu zaizkigu: zorte txarrak astindu gaituenean ia talderik barik geratu gara, baina talde osoa geneukanean maila handian aritu gara, aspaldiko urteetako talderik onena geneukan eta.

Txirrindulariei asko kostatu zitzaien errekuperatzea?
Ziklista batzuk ehuneko ehunean errekuperatu barik daude oraindino. Txirrindulariek txarto pasatu zuten. COVIDak gogor eragin zien. Ez da gripe baten modukoa. Eta kontuan hartu txirrindulari horiek Giroan parte hartzen ari zirela, hau da, sasoi betean zeuden fisikoki. Kirolarien artean asko kostatzen da sasoia berreskuratzea. Alderdi fisikoari eragiten dionez, goi errendimenduko kiroletan hori igarri egiten da.  Horrek ez du esan gura ehuneko ehunean errekuperatuko ez direnik, baina bere denbora behar du, prozesu bat da.

Sandra Alonsoren garaipenak aipatu ditugu. Aurretik ere Bizkaia-Durangon ibilitakoa da eta denbora bat kanpoan eman eta gero aurten taldera bueltatu da. Ez da izan fitxaketa makala!
Gaztea eta oso ona da. Etorkizun handiko txirrindularia da.

Datorren urtean, Bizkaia-Durango taldean jarraituko ote du?
Emaitza onak lortu ditu eta gaur egun aurrekontu handiak maneiatzen dituzten World Tour taldeak daude. Enpresak diru asko sartzen dabiltza emakumeen txirrindularitzan.

Bestela esanda, itxaron egin beharko dugula Sandra Alonsoren etorkizuna zein izango den jakiteko.
Horixe bera (barrez).

Bizkaia-Durangoko Daniela Campos portugaldarra munduko txapelketan aritu da aurten. Zuenaren moduko talde batentzat balio erantsia da halako hitzordu garrantzitsuetan ordezkaritza izatea?
Lehenengo, Sandra Alonsok Europako txapelketan parte hartu zuen, eta, ondoren, Daniela Camposek mundukoan. Guretzat garrantzitsua da, bai. Nondik zetorren ikusita, Daniela oso ondo aritu zen, bai erlojupeko proban, bai errepidekoan. Kontuan hartu behar da bost aste lehenago COVIDa hartu zuela. Gainera, oso txirrindulari gaztea da, 19 urte baino ez ditu. Gazte mailetan oso emaitza onak lortu ditu. Juniorra zela, errepideko Europako txapelketan bosgarren geratu zen eta pistako Europako txapelketa irabazi zuen, kanporaketako proban. Datorren urtean ere gugaz ibiliko da eta oraindino hobeto ibiliko dela uste dut.

Zer falta zaizue denboraldia amaitzeko?
Drenten, Herbehereetan, maila handiko klasiko bi korritzea falta zaigu, urriaren 22ko asteburuan. Horregaz amaituko dugu denboraldia.

Zer itxaropenekin zoazte?
Sandra Alonso, Nadine Gil… Txirrindulari handiak eta indartsuak dira, ibilbide horietarako aproposak: lautada luzeak, aldats gogorrak… Gainera, horrelako klasikoetan oso garrantzitsua da posizio onak hartzea eta txirrindulari biak oso abilak dira bizikleta gainean. Lan ona egiteko esperantzagaz goaz.

Mavi Garciak, gaur egun estatuan dagoen txirrindularirik onenak, zuen eskutik eman zuen triatloitik txirrindularitzarako pausoa. Eta aurten Espainiako txapelketa irabazi duenean, Bizkaia-Durangoaz eta zutaz gogoratu eta oso esker oneko azaldu da sareetan. "Zuek barik hau ezinezkoa izango zen", dio. Errekonozimendu polita da.
Bai, jakina. Jendeak zure lana baloratzea polita da. Azkenean, Bizkaia-Durangon txirrindulariei aukerak eskaintzen ahalegintzen gara. Gurea talde txikia da eta txirrindulariak ezin dira horretatik bizi, baina etorkizunean horretarako aukera izan dezaten trebatzen ahalegintzen gara. Bai ziklista gazteak eta baita hain gazteak izan ez arren, mundu hau probatu gura dutenak. Horixe da Maviren kasua eta begira noraino heldu den. Espainiako txirrindularirik onena da eta esango nuke oraindino ez duela goia jo. Hori lortzeko bidean guk geure aletxoa ipini dugula sentitzea polita eta pozgarria da. 

Bizkaia-Durango urtero errepidera irtetea bera mirari txiki bat da?
Daukagun aurrekontuagaz egiten dugun dena egitea… mirari txiki bat baino gehiago, mirari handi bat da. Alde horretatik, Durangoko Udalari eta gure babesle guztiei eskerrak eman gura dizkiet. Eurak barik ez zen posible izango.

Azken hamarkadan Euskal Herrian emakumeen txirrindularitzak gora egin duela uste duzu?
Badator jende gaztea, bai, baina lan handia dago egiteko. Gaur egungo gazteek kirol askoren artean aukeratu dezakete eta txirrindularitza ez da izaten gurasoak gehien erakartzen dituena, errepideko arriskuengaitik eta abar. Kalitateak kantitatetik irteten du eta oraindino kantitatez ez gaude sobran.

Azken aspaldian ikusten nabilena da jende nagusiagoa txirrindularitza modu serioan praktikatzen hasi dela. Beraz, harrobi desberdin bi daudela esango nuke: gazte-gaztetan hasitakoak eta gerora hasi direnak. Nagusiak bizikletan gehiago aritzea ona da, afizioa euren seme-alabengana heldu daiteke eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!