Tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko ikastaroak urriaren 7an hasiko dira, hamar ostegunez; bata goizez izango da, 10:00etatik 11:30era, eta bestea arratsaldez, 18:30etik 20:00etara. Aurrez aurre egingo dira, oso talde txikietan, Covid-19aren ondoriozko segurtasun-neurriak betetzeko. Interesa duten pertsonek urteko edozein unetan jar daitezke harremanetan zerbitzuarekin, eta zerbitzuak kurtso berriak egin eta plazak egon ahala abisatuko die.
Modu berean, eskualdeko ikastetxeekin gauzatzen ziren programei berrekingo zaie (lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloak, batxilergoa eta lanbide-heziketa), drogen kontsumoari eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuei, hezkuntza afektibo-sexualari, teknologien erabilera egokiari eta emozioen ezagutzari eta kudeaketari lotutako prebentzioari eta arriskuei buruzko jarduerekin. Ikasturte osoan zehar gauzatuko dira, ikastetxe bakoitzaren beharren arabera. Gainera, familiekin egindako lana Zaldibarren, Atxondon eta Berrizen egingo diren hitzaldiekin hasiko da, eta Familientzako Eskolari otsailean emango zaio hasiera.
Durangaldeko Mankomunitateko Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak doako laguntza eta aholkularitza espezializatua ematen die adikzioen prebentzioaren arloan zalantzak dituzten edo informazioa bilatzen duten familiei, hezitzaileei, ikasleei eta, oro har, herritar guztiei, betiere modu anonimoan eta konfidentzialean.