Landakoko txertaketa gunea irailaren 30ean itxiko dute

Anboto 2021ko ira. 10a, 11:51

Durangaldearen kasuan, Galdakaoko eta Gernikako ospitaleetan jarraituko dute txertatzen, baita osasun zentroetan ere.

Urritik aurrera, Osakidetzak txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei –dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko– osasun-zentroetan edo tarteko beste puntu batzuetan emango diela arreta azaldu du prentsa ohar bidez. 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak gogorarazi du txertaketa-guneek antolamendurako "ahalegin handia" eskatu dutela eta emaitza "oso onak" izan dituztela. Hala ere, Sagarduik gehitu duenez, "dagoeneko ez dira beharrezkoak, Euskadin txertoa jarrita duen biztanleriaren ehunekoa handia delako".

Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina "arrakastatsua" izaten ari dela. Gaur egun, 12 urtetik gorako euskal herritarren % 84k pauta osoa hartu du, eta kopuru hori Estatuko bataz bestekoa baino ia hamar puntu handiagoa da. Txertoa jartzeko xede-biztanleriak "nabarmen" behera egin duela ikusita, Osakidetzak uste du ez dela beharrezkoa goi-errendimenduko txertaketa-puntuak zabalik izatea, eta, beraz, irailaren 30ean ixtea aurreikusi dute.

Data horretatik aurrera, txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei –dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko– osasun-zentroetan edo tarteko puntuetan emango diete arreta, "dagokien osasun-antolamenduaren arabera". Hitzordua hartzeko unean, dela web-orriaren bidez dela telefono bidez, kokapen berriaren berri emango diete (bai lehen hitzorduetarako bai bigarrenetarako). Durangaldearen kasuan, Galdakaoko eta Gernikako ospitaleetan jarraituko dute txertatzen, baita osasun zentroetan ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!