Aitor Urien, Felix Ajuria eta Martin Ajuria artzainak Ordiziako Gazta Txapelketaren finalera ailegatu dira lehenengo aldiz

Ekaitz Herrera 2021ko ira. 9a, 10:01

(Argazkia: Ordiziako Udala)

Abadiñarraren eta Oletako Ajuria anaien gaztak 14 onenen artean sailkatu dira.

Atzo Ordiziako Gazta Txapelketaren 48. edizioa jokatu zen eta Durangaldeko hiru artzainek finalera ailegatzea lortu zuten, haien ibilbidean lehenengo aldiz. Aitor Urien abadiñarraren eta Oletako Felix Ajuria eta Martin Ajuriaren gaztak ailegatu ziren finalera. Urienek izen bereko gazta ekoizten du Sagasta auzoan. Oletako Ajuria anaiek, berriz, Kerixara izeneko gazta ekoizten dute. 

Urienen berbetan atzo lortutakoa "gauza handia" da. "Atzoko txapelketara 45 gazta aurkeztu ziren eta nirea finalera ailegatu zen, 14 gazta onenen artera. Txapelketa zortzigarren bukatu nuen", azaldu du Urienek. 2013az geroztik, artzain abadiñarrak urtero-urtero parte hartzen du Ordiziako Gazta Txapelketan. Felix Ajuria oletarra ere "pozik" dago atzoko emaitzagaz. Txapelketan hainbat bider parte hartu duen arren, bera eta Martin anaia atzo sartu ziren lehenengoz finalisten artean. "Finalean sartu eta 10. egin genuen. Emaitza ona da", baloratu du.

Artzaina izateaz gainera, Felix Ajuria Idiazabal Jatorri Izendapeneko presidentea ere bada. Dioenez, "final oso gaztea" izan zen atzokoa. "Ikusi dugu finalera gaztagintzan duela urte gutxi hasitako jendea ailegatu dela. Pozgarria da hori. Etorkizun ilusionagarri bat dugu", adierazi du Ajuriak. Bestalde, Ajuriak atzo koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriak modu egokian bete zirela gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!