Durangaldeko txirrindulari kadete eta gazteak Cafes Dromedario Flotamet talde berrian bateratu dituzte

Anboto 2021ko ira. 2a, 11:07

Durangaldeko Bizikleta Eskolako umeak taldearen aurkezpen batean.

Maillot eta irudi berdinagaz lehiatuko dute aurrerantzean.

Eskualdeko txirrindularitza harrobian nobedadeak daude. Orain arte, kadeteak Elorrioko txirrindulari elkartearen ardurapean zeuden, Renault-Gaursa taldean. Gazte mailako txirrindulariak, berriz, Durangoko Duranguesa elkarteak entrenatzen zituen, Cafes La Tostadora taldean. Hori aldatu egingo da denboraldi berrian: denak Cafes Dromedario Flotamet talde berrian bateratu dituzte, Durangaldeko Bizikleta Eskolaren barruan.

Aldaketak ez dio txirrindulari gazteen egunerokotasunari eragingo. Gehiago da egiturari uniformetasun eta koherentzia bat emateko ahalegina. “Ez zuen zentzurik bakoitzak bere babesleekin, maillotarekin… aritzeak. Batzuetan jendeari kostatu egiten zitzaion taldeak identifikatzea, nahastu egiten zen. Sarritan arazo hori izan dugu. Orain denak maillot berdinagaz arituko dira. Irudi aldetik asko hobetuko da”, azaldu du Duranguesa elkarteko Josu Atxotegik.

Babesle berria, errekurtso gehiago

Talde berriak babesle nagusi bi ditu: Cafes Dromedario eta Flotamet. Lehenengoa ez da nobedadea; iazko Cafes La Tostadora da, baina beste izen batekin. Elorrioko Flotamet enpresaren babesletza, aldiz, berria da. “Zorte handia dugu babesle berria lortzearekin. Pozik gaude”, onartu du Atxotegik. Beraz, aurrekontu handiagoa izango dute aurten eta horrek egitura “indartzen eta profesionalizatzen” lagunduko du.

Umeak, denboraldi berriaren atarian

Bestalde, 14 urtera arteko umeak batzen diten Durangaldeko Bizikleta Eskolak urriaren 2an hasiko du denboraldia. Gogoratu behar da eskola hori Abadiñoko, Elorrioko eta Durangoko txirrindulari klubek elkarrekin sortutakoa dela.

Eskolarako nahiz Cafes Dromedario Flotamet taldean sartzeko izen-ematea hasita dago www.durangaldekobizikletaeskola.com webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!