Ikasturtea hasi baino lehen "gutxienez" txertoaren lehen dosia hartzea eskatu die Osasun Sailak ikasleei

Anboto 2021ko abu. 26a, 12:27

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren berbetan, hemendik eta irailaren 13ra bitartean koronabirusaren aurkako txertoa hartzeko 71.000 hitzordu daude libre.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agerraldia egin du eguerdi honetan, LABI batzorde zientifiko-teknikoa batu eta gero. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteei dei egin die, ikasturtea hasi baino lehen, "gutxienez", txertoaren lehen dosia hartzeko. Sailburuak jakinarazi duenez, 71.000 hitzordu libre daude gaurtik eta irailaren 13ra bitartean. Hori dela eta, 12 eta 24 urteko gazteei SMS mezuak bidaltzen hasi da Jaurlaritza, adin tarte horretako txertaketa erritmoa "albait arinen" azkartzeko helburuz. Sailburuaren berbetan, txertoa ipintzea "elkartasun" printzipioan oinarrituta dago, "txertoak norbera eta aldamenekoa" babesten dituelakoan. "Orain arte izandako erantzun ona izatea espero dugu. Hurrengo egunetan, itxaroten dugu hitzordu guztiak betetzen joatea", adierazi du Sagardui sailburuak.

Indarrean dauden murrizketei dagokienez, sailburuak esan du abuztua amaitu arte bere horretan mantenduko direla, baina irailetik aurrera "doiketak" egon daitezkeela aurreratu du. Sagarduik, bestalde, aurrera begirako hiru ildo nagusi markatu ditu: ospitaleetako presioaren eta intzidentzia tasaren beheranzko joera berrestea, birusak izan ditzakeen aldaera berrien beha egotea eta txertoaren aldeko apustuagaz jarraitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!