Berton Bertokoak duela hilabete batzuk garatzen hasitako proiektua aurkeztu dio gaur Eusko Jaurlaritzari. Dinamikako kideak Gasteizen izan dira gaur, agintariei elikadura proiektua lehen eskutik ezagutarazten. Bileraren bukaeran, Berton Bertokoa dinamikako kideek adierazi dute bai Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politika Sailak eta bai Hezkuntza Sailak “ondo” ikusten dutela proiektua. “Nekazaritza Sailak sektorea indartzeko aukerak ikusten dizkio proiektuari. Hezkuntza Sailak ere begi onez ikusten jangeletako hezitzaileak orain arte bezala katering enpresen menpekoak izatea. Sukaldariak ere Hezkuntza Sailaren menpe egongo lirateke, guk eskatu bezala”, adierazi dute.
Berton Bertokoak jakitera eman duenez, Jaurlaritzako agintarien arabera “askotariko erpinak” landu beharko lirateke proiektua martxan jartzeko. Eta erronka nagusi bat ere planteatzen du: elikagaien erosketa era publikoan egiteko zailtasun teknikoak ikusten ditu Jaurlaritzak. Dena dela, dinamikako kideek eskatu bezala, kudeaketa udalekin elkarlanean egiteko aukera begi onez ikusten dute, eta irailaren hasieran, berriro elkartzeko konpromisoa hartu dute.
Duela hilabete batzuk, Berton Bertokoa dinamikak proiektu berri bat hasi zuen sukaldea duten (eta izango duten) ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak sartzen joateko. Teknikari bat aritu da proiektua garatzen, eta Durangaldeko udaletara ere jo dute babes politiko eske. Dinamikak osoko bilkuretan sartutako mozioak babes zabala izan du Durangaldeko udaletxeetan.