Durangaldetik Kolonbiara nasa yuwe hizkuntza indartu guran

Anboto 2021ko uzt. 26a, 16:56
Rosa Elizburu, Itziar Amunategi eta Arkaitz Zarraga Jambaloko autoritateekin.

Arkaitz Zarraga, Itziar Amunategi eta Rosa Elizburu Kolonbian daude Garabide elkarteagaz. Badira urte batzuk Durangaldeko zenbait lagun Kolonbiako Caucako nasa herriarekin hizkuntza biziberritzeko esperientziak eta ezagutzak trukatzen ari direla.  Uztailaren 18an heldu ziren Caucara eta eguenean itzuliko dira.

Zarraga, Amunategi eta Elizburu Garabide gobernuz kanpoko erakundeko partaideak dira. 2011n nasa indigena komunitatearekin proiektua martxan jarri zuten. Beraien hizkuntza berreskuratzen eta biziberritzen laguntzen ari dira. 

Cauca Kolonbiako hegoaldean dago, Toribio inguruan. 2.500 metroko altueran daude. Komunitate nahiko zabala dela azaldu du Elizburuk. Nasatarrak 300.000 biztanle inguru dira. Hizkuntzaren transmisioa galdu egin dute. Nasa yuwe hiztunak %30 inguru dira, gehienak nagusiak. Beraz, transmisioa berreskuratzea da helburua”, gaineratu du Elizburuk. Nasatarrek bizi duten egoera gogorra dela azaldu du atxondarrak. “Herri bakezalea den arren, indarkeria handia bizi dute alde guztietatik”. 

Bakoitza bere arloa lantzen

Itziar Amunategi komunikazioa eta kultura suspertzeko estrategiak partekatzen ari da nasa herriagaz. Irrati bat daukate eta hedabide hori bultzatzen laguntzen dihardu. Arkaitz Zarragaren arloa nagusien alfabetatzea da. “Haurren hezkuntzatik hasi behar da hizkuntza irakasten, baina txiki horiek beraien hizkuntza berreskuratu arte urteak pasatuko dira. Horregatik, haurren prozesuarekin batera helduen alfabetatzea garrantzitsua da , eredu izango direlako, mezu garbia helaraziko dielako: hizkuntza denona da, garrantzitsua da, gauza eta egoera guztietarako baliagarria da”, azaldu du Elizburuk.

Jubilatu aurretik Ibaizabal ikastolan irakasle aritu zen Elizburu. Hezkuntzan izan duen esperientzia hori guztia nasatarrekin partekatzen ari da. “2013an hasi nintzen parte hartzen. Etorri nintzenean, lehenengo ikastetxea sortu zuten. 15 haur izan ziren. Eskola horretako hizkuntza nasa yuwe izan zen. Horrela sortu ziren beraien eskola propioak. Gurasoekin eta irakasleekin lanean aritu nintzen. Azken hiru urteetan irakasleen formakuntzan aritu naiz”. Orain, ume horiek hazten doazen heinean premia berriak sortu dira. LH1. mailako materiala eta programazioa sortzen ari dira nasa yuwe hizkuntzan irakasteko. Materiala online prestatzen aritu dira. Orain, bidaia honekin, aurrerapauso handia eman dute. “Ipuinak, abestiak, jolasak, hiztegiak, muralak sortzen aritu gara. Aste emankorra izan da. Taldea oso motibatuta dago. Eskola orduen erdia hizkuntza honetan egitea da asmoa”, azpimarratu du irakasleak. 

Azken hamarkadan nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko egindako lana bere fruituak ematen ari da. “Hezkuntzan, aurre-hezkuntzako eskola txikiak sortu zituzten. Lehen Hezkuntzan ere premia sortu da eta gurasoak eskaerak egiten ari dira. Hizkuntzaren zabalkundean aurrerapauso handia da. Bide onetik doaz. Hala ere, laguntza handia behar dute oraindik eta ahal dugun heinean gure esperientziak partekatuko ditugu beraiekin”, dio Elizburuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!