Epai batek arrazoia eman dio langabeziagaitiko prestazioa ukatu dioten behargin iurretar bati

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 24a, 11:45

Irantzu Izagirre Bravo iurretarrak ezin zuen sinistu gertatzen ari zitzaiona. Iazko azaroan lanik barik geratu zen eta halakoetan egin ohi den moduan, langabeziagaitiko ordainsaria eskatzera joan zen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikora, SEPE delakora. Baina han, ustekabean, ukatu egin zioten eskaria.

"ERTEan egon nintzenez gero, ez nuela behar beste kotizatu esan zidaten, eta ez nuela langabeziagaitiko ordainsaria eskuratzeko aukerarik", dio Izagirrek. Beharginak, orduan, auzibideak hasi zituen LAB sindikatuagaz elkarlanean. Auzia Bilboko auzitegietara eraman zuten, eta orain egun gutxi kaleratu da epaia. Emaitza, honako hau da: epaileak arrazoia eman dio beharginari. Hau da, Izagirrek berari zegokion langabeziagaitiko ordainsaria eskuratzeko eskubidea du, bere orduko ERTE egoera derrigorra zelako.

Auziaren muina ulertzeko, 2020ra egin behar da atzera, koronabirusak gogor kolpatu zuen garaira. Izagirre, momentu hartan, Durangoko taberna batean zebilen zerbitzari, Goienkalean. Baina itxialdiak eta ostalaritzako ordu murrizketak hasi zirenean, tabernako martxa korapilatu egin zen. Langileak ERTEan sartu ziren, eta egoera horretan hiru bat hilabetean egon eta gero, negozioko ateak zarratu behar izan zituzten. Hor etorri zen Izagirreren auzia. SEPEk ukatu egin zion langabeziagaitiko prestazioa, ERTEan egon zela eta nahikoa kotizatu ez zuela argudiatuta. "Baina nik urtebete eta hile batzuk egin nituen lanean. Hiru bat hilerako prestazioa eskuratzeko aukera nuen", zehaztu du langileak.

Izagirrek ez du auzibide hau bakarrik egin. Durangaldeko LAB sindikatuko Garazi Mendoza Agirre abokatua izan du bidelagun, eta Mendozak honela azaltzen du gertaturikoa: "Koronabirusa ailegatu baino lehen ere baziren ERTEak. Baina koronabirusa ailegatutakoan, araudi berria kaleratu zen, Covid ERTE moduko bat. Hain zuzen ere, Espainiako gobernuak oinarrizkoak ez ziren aktibitate ekonomiko guztiak bertan behera uztea agindu zuelako. Errege dekretu haregaz, gobernuak bazuen langileak kaleratzeetatik babesteko gutxieneko asmo bat. Eta araudi horretan azpimarratzen denez, kotizazioek indarrean jarraitu behar zuten, inolako salbuespenik barik, nahiz eta ERTEan egon. Eta salbuespenik ez dagoenez, ulertzen duguna da langabeziagaitiko prestazioa hartzea zegokiola Izagirreri, nahiz eta bere lanaldi tarte horretan ERTEan egoniko hileak konputatuta dauden". Orain, Mendoza abokatuak honelakoak salatu daitezen bultzatu gura du, "asko izan daitezkeelako egoera berean dauden beharginak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!