Ostalaritzak 01:00etan itxi beharko ditu ateak eta maskara derrigorra izango da hiriguneetan

Anboto 2021ko uzt. 22a, 18:13

Iñigo Urkullu lehendakariak koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko neurri berriak jakinarazi ditu. Labik proposaturiko neurriak gaur dira indarrean.

Honako hauek dira indarrean sartuko diren neurri nagusiak:

  • Maskara erabiltzea derrigorra izango da "transitoa duten hiriguneetan", hau da, modu konstante batean pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia bermatu ezin den gune urbanoetan. Tabernetako terrazetan ere derrigorra izango da, eta edaterakoan eta jaterakoan baino ezingo da kendu. Kirola aire zabalean egiten bada, ez da maskararik zertan erabili, baina ipini egin beharko da, jendea ondoan badago. Hondartzekin ere, antzera. Maskara ez da derrigorrezkoa, baldin eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatzeko aukera badago.
  • Ostalariek, komertzioek eta ekitaldi kulturalek 01:00etan zarratu beharko dituzte ateak. Horrez gainera, aforoek ere moldaketak izango dituzte. Aforoa %35era murriztuko da. Salbuespena, aldez aurretik kontratatuta eta programatuta dauden ekitaldi kulturaletan izango da. Horietan, orain arte izandako aforoa mantenduko da.
  • Lehendakariak gaueko mugikortasuna gutxitzeko deialdi berezi bat egin du. Jokabide zibikoa eskatu du eta herritarrei dei egin die arduraz jokatzeko. Horregatik gaueko 01:00etatik goizaldeko 06:00etara bitarteko mugirkotasuna murrizteko eskatu die herritarrei. Horrez gainera, gogora ekarri du herritarrek koronabirusaren zabalkundea jarraitzeaz arduratzen diren aztarnariei informazioa emateko betebeharra dutela.

"Hau ez da bukatu. Uda hemen dago, baina birusak ere gurean jarraitzen du eta oso hilkorra da. Bakuna laguntza handia da, baina ipinita ere elkar kutsatu dezakegu. Jarraitu dezagun elkar babesten eta aglomerazioak ekiditen. Esfortzu bat gehiago behar dugu", nabarmendu du lehendakariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!